telebista
21:00etan
'Diego Garcia, bidegilea' dokumentala, gaur, ETB1en eta eitb.eus-en
EiTB
Euskal atletismoaren historiako lorpenik handiena lortu zuen Diego Garciak Martin Fizekin batera: urrezko eta zilarreko dominak irabazi zituzten 1994ko Helsinkiko Europako Atletismo Txapelketan.
Diego Garcia atletaren omenezko Diego Garcia, bidegilea dokumentala eskainiko dute gaur ETB1ek eta eitb.eus-ek, 21:00etan, haren heriotzaren 18. urteurrena beteko den egunean.
Maratoiak egun duen ospea ez zuen garaian, Diegok, Manuel anaiak lagunduta, lana utzi eta maratoiaren aldeko apustua egin zuen. Lantalde bat sortu zuen bere inguruan: Santi Perez entrenatzailea, Antton Gorrotxategi medikua eta Juan Mari Olaizola alboan izan zituen lehen momentutik, eta emaitza onak lortzen hasi zen hasiera-hasieratik.
1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoak mugarri izan ziren. Atleta ezezaguna zen garai hartan, apala eta askorentzat mugatua, baina Diegok ia inork espero ez zuen emaitza lortu zuen: bederatzigarren tokian sailkatu zen. Lorpen horrekin, arnasa luzeko hainbat korrikalariren eredu bihurtu zen eta bidea erakutsi zien ondoren etorri zirenei; Martin Fizi, besteak beste. Bidegile izan zen, beraz, Diego, eta berak eta Martin Fizek Euskal Herria munduratu zuten maratoiaren bitartez hurrengo urteetan. Euskal atletismoaren historiako lorpenik handiena lortu zuten elkarrekin: Martin Fizek eta Diego Gartziak urrezko eta zilarrezko dominak irabazi zituzten Helsinkiko Europako Atletismo Txapelketan, 1994an, orain dela 25 urte.
Halaber, Diegoren izen ona Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia abian jartzeko ezinbestekoa izan zen. Diegok Helsinkin zilarrezko domina irabazi baino bost hilabete lehenago sortu zen lasterketa.
Diego langilea zen beste ezeren gainetik, saiatua, eta lan gogorrari esker lortu zuen iritsi zen lekura iristea. Langilea eta mutil alaia, lagun ona, eskuzabala... Diego Garciaren kirol ibilbideaz haratago, pertsonaren berri emango du dokumentalak, haren bi lagunen esanen bitartez: Andoni Egaña eta Alejandro Gomez.
Andoniren ahotsak eramango gaitu Diegoren bizitzan barrena, eta Alejandro Gomezen lekukotasunak emango digu Diego Garcia atletaren berri. Alejandroren besoetan hil zen Diego 2001eko martxoaren 31n, elkarrekin korrika zebiltzala ondoeza eginda; bihotzak huts egin zion bera hainbeste bete izan zuen bidean korrika zebilela. 39 urte zituen.
Diego Garcia, bidegilea dokumentala gaur izango da ikusgai, 21:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.