telebista
Pilota
Binakako Txapelketako finala, gaur, zuzenean, EiTBn
EiTB
Irribarria - Zabaleta vs Elezkano II.a - Rezusta norgehiagoka amaitu ostean, saio berezia egingo da Bizkaia frontoitik, finalak eman duena aztertzeko.
ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean emango dute Irribarria - Zabaleta eta Elezkano II.a - Rezusta bikoteen arteko Binakako Txapelketaren finala. 17:00etan hasiko da pilota emankizuna, eta Bizkaia frontoian bertan egingo den saio berezi batekin amaituko da, norgehiagokak eman duena aztertzeko.
Pedro Mari Goikoetxeak gidatuko du mahai-ingurua, eta hiru gonbidatu izango ditu: Abel Barriola, Mikel Idoate eta Juan Mari Juaristi Atano XIII.a. Nafarroa Arenako finalean bezalaxe, partidaren inguruko analisi zehatza egingo dute. Saioan bertan, txapeldunak eurekin egongo dira, eta finalak eskaintzen dituen inguruko protagonisten testigantza, hausnarketa, erreakzio eta bestelakoak ere egongo dira eskura.
Finaleko emanaldien medio ugariak aprobetxatuz, ETBko lantaldeak egun handi honen inguruko xehetasun guztiak ekarriko dizkigu. Xabier Euzkitzek egingo du kontakizuna, Joxean Tolosak lagunduta, eta Elena Azpeitiak eta Ibon Gaztañazpik, berriz, frontoiko testigantzak bilduko dituzte.
Lekuak eskaintzen dituen aukerak baliatuz eta hitzordu garrantzitsua dela kontuan hartuta, hamabi kamera erabiliko ditu ETBk emanaldia egiteko. Horietako bat, buruberoa izenaz ezagutzen dutena, frontoiaren goialdean jarriko dute, eta jokoaren goiko ikuspegia erakutsiko du. Slow Motion izenaz ezagutzen denak jokoaren irudi geldoak erakutsiko dizkigu, eta txokoan izango den kamera robotizatuari esker ezohiko irudiak ikusi ahalko ditugu.
Partida nagusiaren aurretik, Altuna III.a - Martija eta Urrutikoetxea - Imaz bikoteek jokatuko dute.