Itxi

telebista

'El Conquis'en 17. atala

Kanibalen jokoa Lekuek irabazi ostean, Letiren eta Luisitoren esku dago guztia

EiTB

Lekuek irabazi du kanibalen immunitate jokoa eta Caballo izan da azkena; beraz, nafarra duelura joango da. Lekuek beste pertsona bat jarriko du arriskuan, eta bileran hirugarren izena erabakiko dute.

  • Lekue irribarrez, kanibalen immunitate jokoaren irabazlea dela jakin duenean

    Lekue irribarrez, kanibalen immunitate jokoaren irabazlea dela jakin duenean

Bateratze fasea ezustekoz beterik hasi da. Leti eta Luisito bileran egoera pribilegiatu batean egongo dira, argi jokatzen badute.

"El Conquistador del Pacífico" saioaren 17. atalaren hasiera arraroa izan da guztientzat. Berdeek kapitain gabe hasi dute eguna, eta bazirudien zerbait falta zela kanpamentu aberatsean. Gorriek alboan zituzten Seleta eta Manu, baina Julianen ustekabeko bisita baten ondoren agur esan dute kapitainek.

Dena den, sorpresarik handiena iristear zegoen. Bateratze fasea abiatzeko abenturako probarik gogorrena zetorrela espero zutenean, Julianek lehiakide guztiak aho zabalik utzi ditu tripakada handi batekin; txerri errea jan dute, besteak beste. Abenturazaleek poz handiz hartu dute janaria, baina fase berria ezin zitekeen hain ona izan. Hau oraindik "El Conquistador" saioa da, eta, janariz bapo eginda zeudenean, Julian berriz azaldu da esanez immunitate proba minutu gutxi batzuk barru hasiko zela. Eta zer hoberik postre bezala txerri gordina jatea baino? Hain zuzen ere, kanibalen probak ireki du etapa bateratua.

Lekuek aise eraman du garaipena hiru kilotik gora haragi lortuta, eta Caballo izan da azkena, 75 gramo besterik ez baitu lortu. Bateratze faseko lehen dueluak bazuen lehen lehiakidearen izena.

Baina oraindik ezusteko asko zeuden etortzeko. Lekuek txerri erre gozoa eraman du kanpamentu aberatsera, eta Loparekin partekatu du. Bilbotarrari eman dio immunitatea, saria berarekin banatzeaz gain. Eta gainera, Lekuek, irabazleak, beste abantaila bat ere badu; izan ere, bere esku dago pertsona bat arriskuan jartzea (oso pribilegio handia abenturan).

Gainerako lehiakideek eraman duten ezustekoa ere ez da txikia izan, baina agian ez da horren atsegina. Kanpamentu berria bizilagunen zain zegoen, eta, ikusi bezain laster, guztiek pentsatu dute mangladi batek ez dirudiela bizirauteko tokirik aproposena. Pazifikoko klimak laster egiaztatu ditu lehiakideen beldurrak, gau oso txarra pasatu baitute. Dena den, bilerak beldur handiagoa ematen die abenturazaleei. Berdeen eta gorrien arteko lehiak dirudi egingarriena, baina Letik eta Luisitok balantza desorekatu dezakete. Estrategien ordua iritsi da, eta mangladia bor-bor dago.

Ez galdu "El Conquistador del Pacífico", astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieranen ikus daitezke.