telebista
Txirrindularitza zuzenean
Italiako Giroa eta 'Ez Da Giro!' saioa, ETB1en eta eitb.eus-en
EiTB
Lasterketaren zuzeneko emankizunarekin batera, saio berri bat izango dugu ikusgai egunero, Fermin Aramendi, Xabier Usabiaga, Alfontso Arroio eta Alessandro Ruta-rekin.
Maiatzaren 11tik ekainaren 2ra arte jokatuko den Italiako Giroa zuzenean jarraitu ahal izango dugu Euskal Telebistan, eitb.eus-en eta baita Euskadi Irratian ere, Plus zerbitzuaren bitartez. Gainera, aurten 'Ez Da Giro!' izeneko saio berria estreinatuko du ETB1ek, etapa bakoitzaren aurretik eta ondoren lasterketaren jarraipen berezia egiteko, laukote aditu baten eskutik: Fermin Aramendi, Xabier Usabiaga, Alfontso Arroio eta Alessandro Ruta.
Giroko lehen etapa, larunbat honetan, ETB1en izango dugu ikusgai 16:35ean hasi eta iluntzeko 20:00ak bitartean. Hurrengo egunetan ETB4n hasiko da emanaldia 13:30ean eta 'Gaur Egun' albistegia amaitutakoan, 15:00etan, ETB1en jarraituko du.
ETB1eko emankizuna hasi aurretik, 'Ez Da Giro!' saioa eskainiko da, Fermin Aramendiren gidaritzapean, zuzenean, EiTBren Bilboko egoitzatik. Berarekin batera, Alfontso Arroio, Xabier Usabiaga eta Alessandro Ruta egongo dira platoan. Alessandro Otxandion bizi den italiar kazetaria da eta Italiako bitxikeriak ekartzeaz arduratuko da. Horretaz gain, Markel Irizarren azken Giroa da aurtengoa eta egunero, dagoen lekuan dagoela, bizipenen kronika bat bidaliko du.
Guzti horrekin batera, astean zehar gonbidatu bereziak izango dituzte txirrindularitzaren teknologiarekin, historiarekin eta bestelako hainbat gauzekin lotura dutenak. Berebat, kirol materialaren zozketa egingo dute.
Bestalde, maiatzaren 22tik 25era Emakumeen Bira izango da Euskal Herrian eta 'Ez Da Giro!' saioan informazio zabala eskainiko dute. Agurtzane Elorriaga eta Leire Olaberria platoan izango dira komentatzeko.
Azkenik, gauero, ETB4n, Giroaren laburpena eskainiko da 21:00-22:00 bitartean.
Giroa, Euskadi Irratia Plus streaming-ean
Italiako Giroa Euskadi Irratian jarraitzeko aukera ere izango dugu aurten, Plus zerbitzuaren bitartez, hau da, irratiaren web orriko streaming-ean. Joxe Mari Apaolazak zuzenduko du saioa, Jon Altuna izango du lagun kontakizuna egiteko, eta Mikel Astarloza, Txomin Perurena eta Eugenio Goikoetxea adituak iritzi-emaile lanetan.
Giroko saioa, astelehenetik ostiralera, lauretatik seietara izango da entzungai Euskadi Irratia Plus bidez. Asteburuetako etapak, berriz, 'Hiru Erregeen Mahaia' saioan jarraitu ahal izango ditugu.
21 etapa eta zazpi amaiera aldapa gora
Italiako Giroaren 102. edizioa Bolonian hasiko da eta Veronan amaitu. Biak ala biak, erlojupeko probak izango dira, eta hirugarren erlojuaren aurkako etapa bat ere izango dute txirrindulariek. Horrez gain, zazpi etapa aldapan gora amaituko dira. Etapa bakoitzeko profilak eitb.eus-en kontsultatu daitezke.

