Itxi

telebista

'El Conquis'en 18. atala

Iñaki, 'El Conquis'en faborito izatetik bateratze faseko lehen kanporatua izatera

EiTB

Asierrek irabazi du duelua, izugarrizko erakustaldia eginda. Caballo izan da bigarrena, eta Luisitok Iñakik baino banderatxo bat gehiago lortu du.

  • Iñaki, eskuak buruan dituela

    Iñaki, eskuak buruan dituela. Irudia: EiTB

"El Conquistador del Pacífico" saioaren 18. atalean, irundarrak erakutsi du buruarekin askoz trebeagoa dela besoekin baino. Asierrek erakustaldia eman eta Caballok bigarren postua lortu ostean, Luisitorekin izan duen buruz burukoa espero baino askoz gogorragoa izan da.

Iñakik ezin zuen gehiago besoekin, eta, dueluaren amaieran Luisito bera bezain nekatuta bazegoen ere, probaren hasieran zituen indarrez baliatu da Mirandakoa eta bi banderatxo lortu ditu; irundarrak bakarra zuen. Baina oraindik ez zekiten Luisitoren hirugarren postua eta bi banderatxoak nahikoak izango ote ziren abenturan jarraitzeko. Julianek baietz esan dionean, Luisito pozez zoratzen jarri da, bere bi ametsak bete baititu: abenturan jarraitu eta talde gorriko indartsuenetako bat kanporatu (askoren ustez garaipena lortzeko faboritoetakoa zena, gainera).

Iñaki askoz azkarrago aritu da bileran, eta Leti Sanek boto nori eman behar zion esan duenean berehala bururatu zaio egin beharreko jokaldia. Gorriek ongi jokatu eta beraien aldeko izendapena izan dute. Iñaki Caballorekin joango zen duelura, baina aurrean Luisito izango zuten, bigarren bozkatua; bientzako arerio ahula, horien ustez.

Duelua oraindik ez zegoen osaturik; izan ere, Lekueren erabakia falta zen. Guztiek zekiten lepokoa gorri batentzat izango zela, baina norentzat? Zalantzak berehala argitu dira Iñaki duelura joango zen lagunetako bat zela jakin duenean. Lekuek 'El Conquis'en irabazlea izan nahi du, eta indartsuenetako bat kanporatzeko aukera esku-eskuan zuen. Asier ez da harritu duelura joateko aukeratu duenean; lasai eta umore onez hartu du izendapena Gallartakoak, bere buruarengan segurtasun handiagoa baitu ustez indartsuak diren beste askok baino.

Gerra irekia Pazifikoan. Guztiak ari dira aizkorak zorrozten eta beraien buruak babesten, inor ez baitago salbu.

Ez galdu "El Conquistador del Pacífico", astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieranen ikus daitezke.