telebista
20:00etan
Oñatira egingo du txangoa 'Escapadas con Joseba Arguiñano' saioak arratsaldean
EiTB
Saioaren aurkezlea Kultur Ondare izendatutako gune historikoan barrena ibiliko da.
-
Oñatira egingo du txangoa Arguiñanok.
Oñatira egingo du txangoa gaur 'Escapadas con Joseba Arguiñano' saioak. Kultur Ondare izendatutako gune historikoa du Oñatik, eta asko du ikusi eta erakusteko. Oñatiri buruzko 25 liburu argitaratu dituen Jose Antonio Azpiazu irakasle eta historialariaren eskutik hasiko du bisita sukaldariak.
Halaber, Arguiñanok Zumeltzegi dorrera egingo du bisita. Gaur egun hotel bat dago bertan, eta Fernando Gorostidi zuzendari eta jabeak eraikina erakutsi eta horren historia kontatuko dio. Jatorrian izan zuen Erdi Aroko xarma du oraindik Zumeltzegi dorreak.
Sancti Spiritus unibertsitatera, 1548an zabaldu zen Euskal Herriko lehen unibertsitatera, ere joango da aurkezlea. Oñatiko Turismo Bulegoko Edurne Urteagarekin egingo du hitzordua, aurrealde platereskoa, mudejar estiloko kasetoidura eta klaustro monumentala erakuts diezaion.
Txangoa sukaldaritza ikuspegitik disfrutatzeko, berriz, Arguiñano Mauxka jatetxeko sukaldean sartuko da. Bertan, Agus Otxoa-Aizpuruak plater konbinatu makrobiotikoa prestatuko du.
Oñatiko historia modu askotara konta daiteke, eta horietako batek txokolatea du ardatz. Txokolateixia txokolatearen interpretazio zentroko bisita gidatuak dira horren erakusle. Anton Azpiazu da, hain zuzen ere, bisita horien arduraduna.
'Escapadas con Joseba Arguiñano' gaur izango da ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en, 20:00etan.