Itxi

telebista

22:30ean

Andrea Roperok aurkeztuko du gaurtik aurrera 'El Sabor del Crimen'

EiTB

Saioaren hirugarren atalean, Xabier Gutierrez sukaldariaren 'El bouquet del miedo'ren arrastoari jarraituko dio.

  • Andrea Ropero aurkezleak Dani Alvarezen lekukoa hartuko du 'El Sabor del Crimen' saioan

    Andrea Ropero aurkezleak Dani Alvarezen lekukoa hartuko du 'El Sabor del Crimen' saioan

Gaurtik aurrera, Andrea Ropero kazetariak 'El Sabor del Crimen' saioa gidatuko du. Genero beltzeko liburu eta pelikulen ibilbidea aztertzen du uda honetan ETB2n estreinatu den saioak.

'El Sabor del Crimen'en hirugarren atala oso berezia izango da, El bouquet del miedo Xabier Gutierrez sukaldariaren liburuaren arrastoari jarraituko baitio. Hondarribian dagoen Higer lurmuturretik abiatuta, Guardiako mahastietaraino eramango gaitu. Bidaia harrigarri honetan, lanbidez enologoa den biktimaren odola ardo berezienarekin nahasten da.

Andrea Ropero eta Xabier Gutierrez Arabako Errioxako bi upategi ospetsutan egongo dira: Lar de Paulako mahastietan saiheskiak xirmendutan erreak dastatuko dituzte, eta munduko upategi koba zaharrenetara jaitsiko dira, Bodegas Primiciara.

Donostiako Urbieta lurrindegian, Nicolas Cisale adituak esentziarik liluragarrienak usaintzera gonbidatuko ditu. Tartean, Lady Dik erabiltzen zuen perfumea usainduko dute. Halaber, Xabierrek ardoei buruz dakiena erakutsi beharko du Groseko ardotegian Manu Mendez lagunak prestatuko dion ardo-dastatze itsuan.

Azkenik, Xabierrek, Jon semearen laguntzaz, txipiroiak tinta gorrian prestatuko ditu, bere nobela oinarri hartuta.

Gaur gauean izango da ikusgai El bouquet del miedo atala, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.