Itxi

telebista

ETB2n, 22:15ean

Francoren gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko erabakiaz, gaur, '360º' saioan

EiTB

Eider Hurtadok gidatutako saioak 'El Valle de los Caídos abre la losa del franquismo' izeneko erreportajea eskainiko du.

  • Eider Hurtado Auzitegi Gorenaren atarian, '360º' saioan

    Eider Hurtado Auzitegi Gorenaren atarian, '360º' saioan. Argazkia: EiTB

Auzitegi Gorenak Francoren gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzea onartu izana eta prozesua geratzeko diktadorearen familiak aurkeztuko helegitea aztertuko ditu '360º' saioak aste honetan. Frankismoko biktimen iritzia batuko du Eider Hurtado programako aurkezle eta zuzendariak.

Pablo Mayoral dugu horietako bat. FRAP erakunde armatuko kidea izan zen eta, gaur egun, frankismo garaiko preso ohien La Comuna elkartean dihardu. 

Ildefonso Gómezen esanetan, egiteko asko dago oraindik diktaduraren biktimen alde, eta Franco hobitik ateratzeko gaiaren erabilera politikoa salatu du. Frankismoaren zigorgabetasunaren aurkako plataformaren bozeramailea da. 

Erorien Haranean hobiratuta dagoen Lapeña familiako kidearen defentsaz arduratzen den Eduardo Ranz abokatuarekin ere izango dira. Gorpuzkiak hobitik ateratzearen aldeko ebazpena lortu duen lehen familia da. 

Igandeko erreportajean, Eider Hurtado eta Paco Etxeberria auzitegi-medikua Erorien Haranean elkartzen ikusiko ditugu, lekuak gordetzen dituen sekretuei buruz mintzatzen. 1.231 euskal herritar eraman zituzten bertara eta horietatik 915 baino gehiago identifikatu dituzte. Alabaina, gorpuzkiak ateratzeko 18 eskaera besterik ez dira jaso oraingoz. 

Belén Berazaren kasua ezagutuko dugu. Bere aitonaren gorpuzkiak Haranera eraman zituzten 1959an, familiak ezer jakin eta onartu gabe. Orain, aitona hobitik ateratzeko tramiteak hasi ditu eta gainerako euskal familiei gauza bera egiteko eskatu nahi die.

El Valle de los Caídos abre la losa de franquismo erreportajea gaur izango da ikusgai, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.