Itxi

telebista

Audientzia

ETBko albistegiak audientzia-buru, asteburuan

EiTB

"Teleberri" izan da asteburuko saiorik ikusiena, eta gainontzeko telebista kanaletako albistegien artean lidergoa sendotu du.

  • Estibaliz Ruiz de Azua eta Xabier Garcia Ramsden asteburuko "Teleberri"ko aurkezleak

    Estibaliz Ruiz de Azua eta Xabier Garcia Ramsden. Argazkia: EiTB

Euskal gizarteak koronabirusaren gaineko informazioa jarraitzeko ETBko albistegiak aukeratu ditu asteburu osoan zehar. "Teleberri" izan da, bai larunbatean zein igandean, eguneko saiorik ikusiena Euskadin, eta berriz ere marka hautsi du.

Igande eguerdiko "Teleberri" asteburuko saiorik ikusiena izan zen Euskadin: % 29,4ko audientzia-zatia bereganatu zuen. Halaber, aipagarria da 2000z geroztik gehien ikusitako "Teleberri"a izan zela. Estibaliz Ruiz de Azua kazetariak aurkeztutako albistegiak 434.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuen Euskadin eta eragin eremuan. Bestalde, igande gaueko "Teleberri"k ere datu bikainak eskuratu zituen: % 21,2ko kuota eta 468.000 ikus-entzuleko audientzia metatua.

Larunbateko albistegiak ere audientzia-buru izan ziren. "Teleberri"ren lehen edizioak % 29,3ko kuota eta 345.0000 ikus-entzuleko audientzia metatua bereganatu zituen. Gaueko emanaldiak, berriz, % 22,3ko kuota eta 410.000 ikus-entzuleko audientzia metatua.

Aipagarriak dira, gainera, ostiral gaueko "Teleberri" albistegiaren datu onak (% 30,9ko audientzia-zatia eta 452.000 ikus-entzule), larunbateko lehendakariaren prentsaurrekoaren zuzeneko emanaldiaren harrera bikaina (% 25,8ko audientzia-zatia eta 190.000 ikus-entzule) eta igande gauean, koronabirusaren inguruan ETB2n ikusgai izan zen saio bereziaren audientzia (% 12,2ko kuota eta 359.000 ikus-entzule).

Euskadin koronabirusaren hedapena murrizteko neurriak hartzen hasi zirenetik (asteazkenean, martxoaren 11n), Euskal Telebistako albistegien audientziak gora egin du nabarmen. Azken egun hauetan "Teleberri"k, bataz beste, % 26,0ko kuota eta 352.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu ditu Euskadin eta eragin eremuan. "Gaur Egun" albistegiei dagokienez, % 3,2ko audientzia-zatia eta euskaldunen arteko % 9,3ko kuota eskuratu ditu.