Itxi

telebista

22:30etik aurrera

"Taberna Ibiltariak 20 urte" berezia, gaur gauean, ETB1en

EiTB

Bi hamarkada hauetako ibilbide eta emanaldi esanguratsuenak errepasatzeaz gain, Ilaski Serranok taldeko kideak elkarrizketatuko ditu erreportaje berezi honetan.

0:28
'Taberna ibiltariak 20 urte' eta 'Taberna ibiltaria Bilbon', 'Oholtzan' saioan

Gaur, abuztuak 26, "Taberna Ibiltariak 20 urte" erreportaje berezia ikusteko aukera izango dugu ETB1en eta eitb.eus-en, 22:30etik aurrera. Ondoren, "Taberna Ibiltaria Bilbon" emanaldiaz gozatzeko aukera ere egongo da. Hala, taldearen 20. urteurrenari eta ospatu ezingo den Bilboko Aste Nagusiari eskainitako "Oholtzan" saioa emango da bihar.

Ilaski Serranok aurkeztutako erreportaje berezia izango da "Taberna Ibiltariak 20 urte" eta, bertan, Alfonso Atela Bilbao, Lander Bilbao Gorostidi eta Unai Uriarte Erkoreka ("Kore") taldeko kideak elkarrizketatuko ditu. Taberna Ibiltaria non eta nola sortu zen kontatuko diote eta, 20 urtetan eskainitako emanaldiak errepasatzeaz gain, bisitatutako herrialdeak eta beren kanta esanguratsuenen ingurukoak izango dituzte hizpide, besteak beste.

Saioak, gainera, gonbidatu berezi bat ere bat izango du: Bea Sever 2019ko Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria. Aste honetan zen ospatzekoa 2020ko Aste Nagusia, baina aurten jairik ez dagoenez, Bea Sever Naizen elkarteko bozeramaileak jarraitzen du ofizialki izaten azken pregoilaria. Joan den urteko Aste Nagusia gogoratu eta etorkizunera begira elkartearen erronkak kontatuko dizkio Ilaskiri.

Ondoren, "Taberna Ibiltaria Bilbon" emanaldia ikusteko aukera ere izango dugu.

"Taberna Ibiltariak 20 urte" saio berezia eta Taberna Ibiltaria Bilbon emanaldia, gaur izango dira ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.