Itxi

telebista

22:30ean

Foruak hizpide, gaur gauean, "Una Historia de Vasconia" saioan

EiTB

Euskal lurraldeen berezko lege horiek eta indarrean egon bitartean haien artean egon ziren desberdintasunak aztertuko ditu Alberto Santana historialariak.

  • "Una Historia de Vasconia"

    "Una Historia de Vasconia". EiTBko bideo batetik ateratako irudia

Gaur gauean "Una Historia de Vasconia" saioak euskal foruak izango ditu hizpide. Berezko lege horiek zer ziren eta noiz eta non egon ziren indarrean aztertuko du Alberto Santana historialariak.

Euskal Herriko foru-eskualde zaharrena Aiarakoa da, 1373an Fernan Perez de Ayala jaun feudalak aldarrikatuta. Halere, Gernikako Batzarrek ez zituzten 1452ra arte idatzi berezko lege horiek. 1526ko foruen erreformaren ondorioz, herritar guztiei eskubide unibertsalak eta askatasun zibilak aitortu zitzaizkien, ordura arte Europako inongo txokotan ez bezala.

Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako legezko egoerak antzekoak ziren, baina hori ez dator beti bat errealitate historikoarekin. Bizkaitarrei, lehendabizi, eta gipuzkoarrei, gero, kaparetasun unibertsala aitortu zitzaien. Egoera horrek Gaztelako zergak ordaintzetik salbuesten zituen Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak; Araban, aitzitik, herritarren % 25 baino ez zegoen egoera horretan, Aramaio eta Aiarako eskualdeak, hain zuzen ere. Bertako biztanleek, gainera, Bizkaiko foruaren mendekoak zirela esaten zuten.

Erregearekin zuzeneko tratua zuen jaurerria zen Bizkaia; Gipuzkoa eta Araba, aldiz, probintziak baino ez ziren, eta bakoitzak bere ordenantzen koadernoa zuen, Gaztelako Erresumarekin zuten harremana arautzeko. 1703an, erregeak euren forua berrestea lortu zuten Gipuzkoako Batzarrek. Arabak, alabaina, ez zuen inoiz lortu, nahiz eta bere legeak gainerako euskal lurraldekoen pareko gisa aurkezten ahalegindu.

"Una Historia de Vasconia" saioa asteazkenetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.