telebista
Musikarien atzetik
The Riff Truckers, Tximelet eta Dj Mikel Makala, azken 'Beste Bat'en
A.E.
EITB
Igande honetan, 22:35ean. ETB-1en.
-
'Beste Bat'. Argazkia: EITB
Denboraldiari agur esateko, 'Beste Bat' saioaren 13. atal honetan The Riff Truckers eta Tximeleta taldeak eta Dj Mikel Makala izango dira protagonista.
Aurreko astean ezagutu zituzten The Riff Truckers taldeko kideak. Gernikako Iparragirre Musika Elkartean topatu zituzten, eta euren ibilbideari eta musika estiloari buruz hitz egin zuten. Igande honetan Gernikara bueltatuko dira. Kontzertua egingo dute gernikarrek euren herrian. Bertan, eurekin kolaborazioak egiten dituzten beste musikari batzuk aurkeztuko dituzte, hala nola: Eneko Mobydick eta Audience taldeko Gaizka. Eta, nola ez, euren jarraitzaileekin osatutako Peña Whisky ospetsua ere aurkeztuko dute. Beraiekin afaltzera joango dira gero eta euren unibertso musikalari buruzko datu gehiago emango dituzte. Azkenik, kontzertuan ikusiko dituzte zuzenean.
Dj Makala, Gaztea saioko kolaboratzailea, aurreko saioan ezagutu zuten. Bere Home Studioan izan ziren, Zarautzen, eta bere estudioko diskoak nola sortzen dituen ikusi ahal izan zuten. Igande honetan Zarautzera bueltatuko dira. Bertako Pukas Surf eskolak festa antolatzen du eta Makala arduratuko da jaia girotzeaz. Inguruko surf zale guztien topaleku izan ohi da surf eskolak udaran antolatzen duen festa.
Azkenik, Tximeleta plaza taldea aurkeztuko dute. Etxarrira joango dira bertan bizi diren Zato eta Maider ezagutzera. Bikote dira eta zortzi bat urte daramate eskenatoki gainean elkarrekin. Gero, gainontzeko taldekideekin bildu eta furgonetan igoko dira Gasteizerako bidea hartuta. Tximeleta taldeak kontzertua egin behar du Gasteizen, baina euria ari du barra-barra. Kontzertua bertan behera uzteko arriskua dago. Zer gertatuko ote da?
Hori guztia igandean izango da ikusgai 'Beste Bat' saioan 22:35ean ETB-1en.