Itxi

telebista

22:15ean

"Intxaurrondo: Estatu bat Guardia Zibilaren barruan", gaur gauean, "360º" saioan

EiTB

Saioak Guardia Zibilaren paperaren gaia jorratuko du berriro ere, oraingo honetan fokua Donostiako Intxaurrondo kuartelean jarriko du.

  • Galindo Jenerala.

    Galindo Jenerala. EiTBren bideo batetik hartutako irudia.

"360º" saioak Guardia Zibila izango du hizpide gaur ere, eta 80ko eta 90eko hamarkadetan Donostiako kuartelean gertatutakoa aztertuko du, Intxaurrondo: Estatu bat Guardia Zibilaren barruan erreportajearekin.

Enrique Rodríguez Galindo jeneralaren aginduetara, 1976an Donostiako Intxaurrondo auzoan eraikitzen hasi zen kuartel ospetsuak garrantzi handia hartu zuen terrorismoaren aurkako borrokan. Eider Hurtadok, "360º" saioko zuzendari eta aurkezleak, Rafael Vera Segurtasuneko Estatu Idazkari ohia elkarrizketatuko du. Terrorismoaren aurkako borrokaren arduradun ohiak Rodriguez Galindo jeneralaren eta bere gizonen jokabideei buruz hitz egingo du, eta Guardia Zibilak urte haietan egindako "akatsak" babestuko ditu. Hurtadok garaiko Gobernuaren eta Estatu terrorismoaren arteko balizko loturen inguruan galdetuko dio Verari.

Gainera, "360º" saioak Intxaurrondo inguratu zuten tortura salaketak eta kuartela narkotrafikoarekin lotu zuten ikerketak jorratzen ditu. Horretarako, ikerketako kazetari erreferenteetako batzuk izango dituzte: Begoña Kapape eta Ricardo Arqués.

Biktima batzuek, hala nola Manuel Vizcayk, 1985ean hildako Mikel Zabalzaren lehengusuak, eta Ana Vilak, Mikel Zabalzarekin batera atxilotu zutenean torturatu zuten Ion Arretxeren alargunak, inpunitateak larriagotutako ondorioak erakusten dizkigute. Miguel Castells abokatuak torturekin eta gerra zikinarekin lotutako kasu nagusiak eraman zituen, eta auzi horiek nola geratu ziren azalduko du.

Bestalde, Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu ohiak Galindo jeneralaren jarduna islatzen duen informazioa eman du. Joaquin Gimenez Auzitegi Goreneko magistratu emerituak ere Guardia Zibilak torturengatik epaitzean sentitu zuen presioaren berri eman du.

Intxaurrondo: Estatu bat Guardia Zibilaren barruan erreportajea gaur izango da ikusgai, 22:15etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.