Itxi

telebista

Musika emanaldia

'300 Ahots' kontzertua eskainiko du ETB-1ek larunbatean

A.A.

EITB

Easo Eskolaniak, Donostiako Orfeoi Txikiak, Bilboko Koralaren Kontserbatorioko Abesbatzak eta Zaragozako Amici Musicae haur koruak hartuko dute parte.

  • '300 ahots'. Argazkia: EITB

    '300 ahots'. Argazkia: EITB

ETB-1ek '300 Ahots' kontzertua eskainiko du larunbatean 22:50etik aurrera. Iragan apirilean Donostiako Kursaal Jauregian grabatutako ekitaldian egungo lau haur abesbatza onenetarikoek hartuko dute parte: Easo Eskolania (Donostia), Donostiako Orfeoi Txikia (Donostia), Bilboko Koralaren Kontserbatorioko Abesbatza (Bilbo) eta Amici Musicael haur korua (Zaragoza).

Bakearen eta bizikidetzaren alde 300 ahots zurik elkarrekin abestuko dute kontzertu honetan. Euskal gizarteari bake eta baikortasun mezua zabaltzea du helburu, musikaren bitartez, egun bizi dugun egoera politiko bereziaren barruan. Gainera, Donostia 2016an Europako Kultura Hiriburua hautatua izateko ekintzen barnean dago emanaldia.

Bakearen aldeko kontzertua denez, bakerako oinarrizko balioak jasotzen dituzte abesti guztiek.

12 eta 18 urte bitarteko gaztetxoak elkarrekin arituko dira bi zatitan banatutako emanaldian. Lehenengoan abesbatza bakoitzak bere errepertorioko hiru abesti interpretatuko ditu, eta ondoren, pop doinu eta zinemako pieza ezagunak entzun ahal izango dira, haur abesbatzentzat moldatutako bertsioetan. Horien artean, Beethovenen 'Alaitasunaren ereserkia', Beatles taldearen 'All you need is love', ABBAren 'I have a dream', Bizitza ederra da filmeko 'Zein ederra den bizitzea' kantu nagusia, edota Mikel Laboaren 'Txoria txori' ezaguna, besteak beste.