telebista
Kultur agenda
Ruper Ordorika, aste honetako 'EITB Kultura' saioan
A.H.
EITB
Saioak ibilbide kultural zabala eskainiko du disziplina ezberdinetan zehar: musika, antzerkia, argazkilaritza eta arte experimentala, besteak beste.
-
Ruper Ordorika. Argazkia: EITB
Ruper Ordorika musikari oñatiarrak lan berria aurkeztuko du aste honetako 'EITB Kultura' saioan: Hodeien azpian. Ruperren hogeigarren diskoa da eta New Yorken grabatutako hamaika abestik osatzen dute. Ruper Ordorikak berak aurkeztuko du lana Euskal Telebistako kameren aurrean, bildu dituen istorio eta erritmoen berri emanez.
Bestalde, MEN arte experimentala hizpide hartzen duen jaialdiak hamar urte bete berri ditu. 'EITB Kultura'k Ignacio Saez artista galdakaotarra hartuko du lagun aurtengo edizioan murgiltzeko. Saezek We love lo lovely bideoa aurkeztu berri du Desde dentro sekzioan eta bere lanaren ezaugarriez arituko da.
Horrez gain, 'EITB Kultura' saioa teARTO antzerki konpainiarekin izango da azaroaren 6an aurkeztuko zuten Autoestigma lana hizpide hartuta. Enriqueta Vega eta Maria Urcelay aktoreekin mintzatuko dira.
Gasteizeko Montehermoson ere izango dira, 'Re. Act. Feminism' erakusketan. Beatrice Ellen Stammer arduradunak lan horren inguruko ezaugarri eta edukiez hitz egingo du.
Gasteizeko Sleepwalk Colective-eko Lara Solano eta Sammy Metcalfe artistek beren lan berria aurkeztuko dute 'EITB Kultura'n: 'As the flames rose danced to the sirens, the sirens'. Bilboko Rekalde aretoan erakusgai dagoen John Gutmman argazkilariaren atzera begirakoa bisitatzen ere izango dira.
Amaitzeko, Zea Mays taldeak 'Negua joan da ta' abestia kantatuko du Off the record atalean. Aiora Renteriak, ondoren, bere gustuen eta arduren inguruan mintzatuko da 'EITB Kultura'ko kideekin.
'EITB Kultura' astelehen honetan emitituko da 23:05etik aurrera ETB-1en, asteartean 01:30ean ETB-2n eta ostiralean 22:30ean ETB-3n.