Itxi

telebista

Saio berezia

Josu Feijoorekin Errusian bizitakoak dakartza 'Teknopolis'ek asteon

A.A.

EITB

Arabar kirolariak espaziora bidaiatu nahi du eta prestaketa lanak egin ditu Yuri Gagarin zentroan, Errusiako kosmonautek probak egiten dituzten egoitzan.

  • 'Teknopolis', Josu Feijoo. Argazkia: EITB

    'Teknopolis', Josu Feijoo. Argazkia: EITB

Josu Feijoo kirolariaren inguruan egin duten saio berezia eskainiko du 'Teknopolis'ek asteburu honetan. Jakina denez, Josu, kirolaria izateaz gain diabetikoa ere bada, eta bere helburuetako bat espaziora bidaiatzea da. Modu horretan, diabetikoei jartzen zaizkien mugak gaindi ezinak ez direla erakutsi nahi du arabarrak. Asmo hori gauzatzeko Errusiara joan da bidaian eta 'Teknopolis'eko talde bat izan du lagun.

Lehenik eta behin Josu Feijoorekin egindako elkarrizketa izango da ikusgai, Yuri Gagarin zentroan, Errusiako kosmonautek probak egiten dituzten egoitzan, grabatua. Sergei Krikaliev zentroko zuzendariarekin ere mintzatuko dira. Espazioan denbora gehien pasa duen pertsona ere bada Krikaliev. Sobietar Batasuna desegin zenean, MIR estazio espazioan zegoen, eta hantxe bertan urtebete inguru eman zuen. Normalean ez du elkarrizketarik eskaintzen, baina, laburra bada ere, 'Teknopolis'eko lan-taldeari denbora tarte bat eskaini zion.

Errusiako egonaldian hainbat proba gainditu behar izan zituen Josu Feijook eta horiek ere erakutsiko dituzte ETBko saioan. Lehendabizikoa, hidrolab proba, 12 metroko sakonera duen putzu edo igerileku batean. Han, Espazioko Estazioaren erreplika bat dute eta Josuk denbora jakin batean ariketa bat egin behar izan zuen, urpean eta 125 kiloko astronauta jantzia jantzita. Egoera hori da grabitaterik gabeko eremua ondoen imitatzen duena.

Bigarrena hegaldi parabolikoen proba dugu. MIG 29 hegazkin supersonikoan sartuta, Josu Feijook G indarren menpeko hegaldi parabolikoak egin zituen Moskutik 400 kilometrora dagoen Errusiako armadaren instalazio batean. G indarrak azelerazio-mailarekin zer ikusia dute, modu bortitzean azeleratu edo dezeleratzean sortzen diren horiekin. Bat formulako autoetan edo atrakzio parkeetako hainbat tramankulutan horrelakoak 'dastatzeko' aukera ere badagoen arren, bortitzenetakoak espaziora doazen koheteetan gertatzen dira. MIG 29 hegazkinak antzerako baldintzetara iristen dira. Benetan ikusgarriak dira irudiak.

Amaitzeko, diabetesari eta telemedikuntzari buruzko erreportajea aurkeztuko digu Oihana Jauregik gidatzen duen saioak. Izan ere, Josu Feijook Errusian egin dituen helburu zehatzena telemedikuntza-aplikazioak probatzea izan da. Hau da, muturreko baldintza horietan egonda ere, probatzen ari den gailuek gluzemia-balioak (odolean dagoen odol-kopurua) ondo hartzen dituztela egiaztatzea, eta ondo hartzeaz gain, datuak Gasteizko bere medikuari ondo iristen zaizkiola egiaztatzea.

'Teknopolis'ek larunbatean du lehen emanaldia ETB-1en, 21:00etan. Igandean 11:25ean ETB-2n ikus daiteke eta 15:30ean ETB-1en. Azkenik, asteazkenean 22:30ean emango da ETB-3n.