telebista
22:00etan
Urmuga ikuskizuneko lehen atala, gaur gauean, "Oholtzan" saioan
EITB Media
Ondoren, "Tolosako Inauteri kontzertua" eskainiko da.
Gaur, Ilaski Serranok aurkeztuta, "Oholtzan" saioak bi emanaldi eskainiko ditu: Urmuga ikuskizunaren lehen atala eta "Tolosako Inauteri kontzertua".
Musika eta mendia uztartzen dituen "Urmuga" saioak lau kapitulu izango ditu eta larunbat honetan izango da ikusgai lehena. Lehenengo atal honetan Tologorri, Dima eta Aizkorri mendietan egindako musika-emanaldiak eskainiko dira.
Urmugatik pasatu ziren egun Euskal Herri osoko musikagintzan erreferente diren izen ugari, besteak beste: Maider Zabalegi , Josu Zabala eta Gari (Hertzainak), Miren Narbaiza eta Maddi Oihenart. Bestalde, emanaldi guztietan aurten 25 urte betetzen dituen Et Incarnatus Orkestra izango da, Migel Zeberioren zuzendaritzapean, artista desberdinei laguntzen.
19 jardunaldietan osatu da Urmuga ibilaldia. Mendizaleak mendi batetik bestera ibili dira 2020ko uztailean eta mendi bakoitzean egiten ziren paradetan musika emanaldiak eskaintzen ziren. Edozein mendizale zein musika zalek aukera izan zuen ibilaldia bere osotasunean burutzeko edo astebeteko zatiren bat egiteko, beti ere mendi gidari batek zainduta.
"Tolosako Inauteri kontzertua"
Saio honen ondoren, "Tolosako Inauteri kontzertua" eskainiko da. 2021eko inauteriak ospatzeko otsailaren 14ean kontzertu berezia eskaini zuen Et Incarnatus orkestrak Tolosako Leidor antzokian. Harizko orkestrarekin batera, inauterizale, abeslari eta musikari ugari aritu ziren bertan.
Ospakizun desberdinek bat egiten dute kontzertu berezi honetan: Galtzaundiren 30. urtemuga, Incansables Txarangaran 50. urteurrena eta aurtengo Tolosako ez-inauteriak.
Et Incarnatus orkestrarekin batera, Xabier Berasaluze Leturia pandero joleak, Leire Berasaluze eta Kristina Aranzabe abeslariek, Ana Otxoa Pando eta Miren Garikano sopranoek eta Xabier Ormazabal tenoreak hartuko dute parate. Halaber, Gorka Benitez (txistuarekin eta saxoarekin), Nika Bitchiashvili (bibolinarekin) eta Incansables Txaranga ere arituko dira Et Incarnatus orkestrarekin batera. Azpimarragarria da baita ere Oihana Iguaran bertsolariaren parte hartzea.
"Oholtzan" gaur izango da ikusgai, 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.