Itxi

telebista

Aste honetan

Airetik itsasoa nola zaintzen den erakutsiko du 'Teknopolis'ek

A.A.

EITB

Horrez gain, makina-erremintaren etorkizuna izango dute aztergai eta autoak merkeago ekoizteko moduaz jardungo dira.

  • 'Teknopolis'. Argazkia: EITB

Aste honetako 'Teknopolis' saioaren lehen erreportajeak airetik itsasoa nola zaintzen duten erakutsiko digu. Prestige ontziaren kasuan gertatutako isurketa izugarrien modukoak gertatzen direnean esan ohi izan da beste ontzi batzuek ere, hondamendia baliatuz, deposituak husteko aprobetxatzen dutela. Alegia, orduan gure kostara iritsi zen galipota guztia ez zetorrela Prestigetik. Adituek hori horrela izan zela ziurtatzen dute, baina, hondamendi-egoeretatik haratago, egunerokoan ere legez kontrako isurketak gertatzen dira itsasoan. Horiek kontrolatzeko baliabide teknikoak egon badaude eta lan horretan aritzen dira, hain zuzen, Itsas Salbamenduko hegazkinak. Alaitz Ochoa de Eribe lankidea horietako batera igo da.

Orain/Hemen atalean Euskal Herriko makina-erremintaren etorkizunaz arituko dira, CIC marGUNEren koordinaturik, Darmstad Unibertsitateko Eberhard Abele adituak egin duen azterketaren karietara.

Ondoren, autoak merkeago ekoizteko modua garatzen duen Proform proiektua azalduko dute. Europako 20 enpresa ari dira lanean, ikerketa-zentro eta unibertsitate, tartean Mondragon Unibertsitatea. Helburua da makina bakar bat erabiltzea pieza baten modelo ezberdinak egiteko.

Amaitzeko, Gertutik atalean Basilio Sierra ezagutuko dute. Palan jokatzea eta musean aritzea dira zientzialari honen zaletasunak. Hala ere, bere lanbideak oso bestelako munduak arakatzera bultzatu du. Informatikan katedraduna da, adimen artifizialean egin zuen tesia eta gaur egun robotika eta sistema autonomoen ikerketa-taldea zuzentzen du Euskal Herriko Unibertsitatean. Mugitzeko arazoak dituzten pertsonei bizimodua errazteko robotak sortzea du xede gaur egun Basilio Sierraren ikerketa-taldeak.

Aste honetan, 'Teknopolis' saioa igandean dago ikusgai 10:30ean ETB-2n eta 15:00etan ETB-1en. Asteazkenean, berriz, ETB-3n emango da 23:15ean.