Itxi

telebista

Kirolak

Erremonteaz gozatzeko aukera, gaurtik aurrera, "Erremontari" saio berrian

EITB Media

Sei bikote lehiatuko dira XI. Sagardoaren Txapelketan. Horren kontakizunaz arduratuko dira Iñigo Aiestaran eta Elena Azpeitia kazetariak eta Gaztelu eta Matxin adituak.

0:25

Erremonteaz gozatu eta erremontea ezagutu nahi dutenentzat sortutako saio berria estreinatuko du gaur Euskal Telebistak. Telebista programa ez ezik, lehiaketa ere izango da astelehen gauero ETB1en eta eitb.eus-en ikusgai izango den "Erremontari" saioa. 

Izan ere, saioa txapelketa batek ardaztuko du, Sagardoaren Txapelketak. Sei bikote arituko dira lehian, eta bakoitzak sagardotegi bat ordezkatuko du: Etxarri-Barrenetxea IV (Oialume zar), Segurola-Larrañaga (Gaztañaga), Ansa II-Labaka (Setien), Urriza-Zaldua (Bereziartua), Juanenea-Zubiri (Larre-gain) eta Goikoetxea-Aizpuru III (Gurutzeta). 

Apirilaren 12an hasi eta ekainera bitartean, bederatzi jardunaldi jokatuko dira; astero, bi partida. Lehenengo emanaldian bi neurketa hauek izango ditugu ikusgai: Urriza-Zaldua vs Etxarri-Barrenetxea IV eta Ansa II-Labaka vs Juanenea-Zubiri. 

Kirol arina eta dotorea da erremontea. Teknologia berriez baliatuz, kantxan bertan egongo balira bezala disfrutatu ahal izango dute ikus-entzuleek pilotariek eskainiko duten ikuskizunaz. 

Erremontariak jakitun dira ekimen honen garrantziaz; telebista bidez kirol honi zabalkundea emateak denborarekin bere fruituak emango dituela diote. 

Iñigo Aiestaran izango da saioaren gidaria. Manuel Arrizabalaga Matxin eta Iñaki Agirre Gaztelu izango ditu alboan, txandakatuz, partiden kontakizuna egiteko, eta Elena Azpeitia arduratuko da elkarrizketak egiteaz. 

Tradizioa modernitatearekin uztartuta, kamerak kaskoetan eta beste toki estrategiko batzuetan jarrita, frontoira joan ezina ordezkatuko du "Erremontari" saioak. Kantxan gertatzen dena eskaintzeaz gain, pilotarien iritziak bilduko dituzte eta protagonistak gertutik ezagutzeko aukera izango dugu erreportajeen bitartez. 

Hernaniko Galarreta pilotalekutik egingo dira emankizunak, astelehenero, ETB1en eta eitb.eus-en, 22:15etik aurrera.