Itxi

telebista

Audientzia oharra

Euskaldunek Euskal Telebista aukeratu dute Gabonetan

A.H.

EITB

Oscar Terolen 'Al Rescate' saioak arrakasta izan zuen bere ordu tartean eta 'Euskal Kantuen Gaua'k nagusitasuna lortu zuen euskal hiztunen artean.

  • 'Al Rescate'. Argazkia: EITB

    'Al Rescate'. Argazkia: EITB

Euskal Telebistak audientziaren arreta bereganatu du Eguberri jai hauetan. Gabon Gaueko saio bereziek nabarmentzeko moduko audientzia datuak lortu zituzten. Honela, bada, ETB-2ko 'Al Rescate' saioa bere ordu tarteko saiorik ikusienetako bat izan zen, %16,3ko audientzia zatiarekin. 218.000 ikus-entzulek jarraitu zuten Oscar Terolek, Asier Hormazak eta Santi Ugaldek egindako umore saioa.

ETB-1eko 'Euskal Kantuen Gaua'rekin 238.000 lagunek bat egin zuten. Gainera, euskal hiztunen artean saiorik ikusiena izan zen, %19,1eko audientzia zatia lortuz. Kike Amonarrizek eta Itziar Atienzak aurkeztutako saioan euskal kultura, politika eta gizarteko pertsona ospetsuak ikusi genituen kantuan.

Pilota jaialdia Eguberri egunean

Eguberri egunez Eibarko Astelenatik egindako pilota emankizuna ere adi-adi jarraitu zuten ETB-1eko ikus-entzuleek, batez ere jaialdiko partida nagusia, bibitako txapelketako Titin III-Merino II / Aritz Lasa-Zubieta. Euskaldunen artean audientzia buru izan zen, %23,8ko sharearekin. Gainera, 240.000 lagunek bat egin zuten norgehiagokarekin emisioan zehar eta bataz besteko 137.000 ikus-entzule lortu zituen.

Gran Torino filmaren estreinaldia

Euskal Telebistak ostiral gauean 'La Noche de...' saio berezi bat eskaini zuen, Clint Eastwood eskarmentu handiko aktore eta zinegile ospetsuari eskainia. Saioak telebistan estreinatu zen Gran Torino filma aurkeztu zuen eta estreinaldiak arrakasta handia izan zuen. %16,6ko audientzia zatia lortu zuen eta 421.000 ikus-entzuleko audientzia metatua. Datu hauekin ETB-2ko urteko filmerik ikusienen artean kokatu zen Gran Torino.

'El Conquistador del Aconcagua' realityaren finala

Igande gauean ETB-2n ikusgai izan zen 'El Conquistador del Aconcagua' realityaren azken atalak %10,7ko audientzia zatia lortu zuen; 433.000 ikus-entzulek bat egin zuten lehiaketaren finalarekin.