Itxi

telebista

EITB Taldea

"Eguraldia" saioak bideoak bidaltzeko deia egin die erabiltzaileei

EITB Media

Udaberriarekin batera, Xabi Casado batu da June Ansoleagak, Ana Urrutiak eta Zuriñe Zulaikak osatzen duten aurkezle taldera.

  • June Ansoleaga, Ana Urrutia, Xabi Casado eta Zuriñe Zulaika, "Eguraldia" saioko aurkezleak

    June Ansoleaga, Ana Urrutia, Xabi Casado eta Zuriñe Zulaika, "Eguraldia" saioko aurkezleak

EITBko "Eguraldia" saioak hartu-eman zuzena du ikus-entzuleekin. Geroz eta gehiago dira EITBko Eguraldiaren komunitatea osatzen dutenak, eta parte hartzeko eta Eguraldiaren zerbitzua osatu eta aberasgarriagoa egiteko asmoz, dei berezia egin dute EITBtik komunikazio taldeko kanal ezberdinetan (telebistan, eitb.eus webgunean zein aplikazioetan) ikusgai egongo diren bideoak bidaltzeko. 

Herritarrei zerbitzua eskaini eta euren bizimodua errazten laguntzeko asmoz, ahalik eta eguraldi aurreikuspen zehatzena eskaintzea dute jomuga. Elkarrekiko komunikazioa osoa edo aldebikoa izan dadin, haiek egindako irudiak jasotzen dituzte trukean. Argazkiak bakarrik ez, bideoak ere bidaltzera animatu nahi dituzte eta eskaera berezia egin dute oraingo honetan. 

Eguraldiarekin eta naturarekin lotura duten argazki eta bideoak bidaltzeko bi bide daude: eitb.eus/eguraldia webgunea eta eguraldia@eitb.eus emaila. Bideoak horizontalean, dardara gutxirekin eta astiro grabatutakoak izatea komeni da; ez oso laburrak, ez oso luzeak (gutxienez 15 segundo eta gehienez 20-25). 

"Eguraldia" saioa egiten duen lantaldearentzat material garrantzitsua da herritarrengandik jasotzen dituzten irudiak. Elurra egiten duenean, enbatak daudenean, haize boladak, ekaitzak… Urtaro bakoitzean eta fenomeno meteorologiko ezberdinen aurrean Euskal Herriko bazterrek duten itxura erakusteko modua dute ikus-entzuleen ekarpenari esker. Argazki horiek webgunean eta Hbbtv plataforman (irrati emanaldietan) ere argitaratzen dira. 

Audientzian liderrak izateaz gain, sare sozialetan ere "Eguraldia" saioak milaka jarraitzaile ditu. Ia 5.000 lagunek segitzen dute Twitter kontua euskaraz eta 15.000 baino gehiagok gaztelaniaz. Facebooken ere orria du, eta jarraitzaileak 6.000 baino gehiago dira. 

Nireitb proiektua, laster 

EITB nireitb proiektua lantzen ari da. Komunikazio taldeko komunitate ezberdinetan parte hartzeko erregistro bakarra da nireitb. Eta, horrekin batera, Eguraldiko komunitateko kideek argazki eta bideoak partekatzeko modu azkarragoa eta erosoagoa izango dute laster, batez ere mugikorretatik argazkiak zein bideoak bidaltzeko, ikusteko eta partekatzeko. 

Aurkezle berria, asteburu eta jaiegunetan 

Udaberriarekin batera, aurkezle berria batu da "Eguraldia" saioko lantaldera. Xabi Casadok asteburu eta jaiegunetako iragarpenak egingo ditu udazkenera bitartean. June Ansoleagak gidatzen du orain saioa astegunetan ETB1en, eta Ana Urrutiak ETB2n. Taldea Zuriñe Zulaika (zuzendaria), Libe Gaztelurrutia eta Gorka Ormaetxea meteorologoek osatzen dute. 

Ekaitzak eta tenperatura aldaketak ditugu protagonista udaberri honetan Euskal Herrian. Maiatzean bi enbatak astindu dute euskal kostaldea, izotza egiten ari da eta tenperatura maximoak bataz besteko mugatik behera daude. Jende asko hondartzara joateko irrikaz dagoen arren, hotz dago eta ez ditugu neguko arropak armairutik kendu oraindik. 

"Urteko egunik argitsu eta luzeenak iristear dauden honetan, Eguraldiko lantaldeak itsasoaren egoeraren inguruko informazio zehatza eskaintzen du itsas kirola egiten dutenentzat. Nazioarteko leihoa ere zabalik dugu han-hemenka gertatzen diren zikloi, tornado, tifoi eta halakoen berri emateko. Berebat, Euskal Herriko paraje ikusgarriak ezagutzera ematen jarraituko dugu, ikus-entzuleek bidalitako bideoen bitartez", gaineratu du saioko lantaldeak.