telebista
20:00etan
Laranga auzotik osteratxoa, gaurko "Historias a Bocados" saioan
EITB Media
Miren Garagarza, Jose Manuel Arruti eta Jose Luis Elorza 'Pikua' auzokideek erakutsiko diote ingurua Joseba Arguiñanori.
-
Joseba Arguiñano. EITB Mediako bideo batetik lortutako irudia.
Gaur arratsaldean "Historias a Bocados" saioa Laranga auzoko bizilagunak ezagutuko ditu. Itsasoari begiratzen dion Mutrikuko barnealdeko auzo baserritarra bisitatuko du Joseba Arguiñano aurkezleak 20:00etatik aurrera.
Jose Manuel Arruti Kalbarioko Kristo Santuaren ermitako kofradiako lehendakaria da. Ermita hori Larangan dago, baina Ibiri eta Olabarrieta auzo mutrikuarrei ere badagokie. Baseliza ez da soilik lehorreko gizon eta emakumeen erreferentzia, baita arrantzaleena ere, bere kanpandorrean arrantzaleentzako gida izan den argi bat baitago. Ermitaren ondoan Kalbaixo Jatetxea dago, eta bertara gerturatuko dira Jose Manuel eta Joseba arrain zopa eta zapoa dastatzeko asmoz.
Miren Garagarzak 71 urte ditu eta duela bi urte Melbourne (Australia) utzi eta jaioterrira itzuli zen. Mutrikuko kaletarra izatez, Larangan etxera erostea erabaki zuten Mirenek eta senarrak. 23 urte zituen bere senarrarekin planetako antipodetara joatea erabaki zuenean. Han marmolgintza-enpresa baten lanean aritu ziren, eta han hazi zen haien familia, 3 seme-alaba baitituzte. Osteratxo atsegin bat egin eta gero, etxeko sukaldera itzuliko dira, legatza piperrekin egiteko.
Azken herritarra Jose Luis Elorza Pikua izango da. Arguiñanori bere nekazaritza turismoko parrilla ingurua erakutsiko dio. Bertan txuletoia prestatuko dute, barazkiekin eta saltsa bereziarekin. Azkenik, sukaldariaren laguntzarekin, ganaduak ihes egin ez dezan landetan jartzen den langa eraikiko dute.
"Historias a Bocados: Laranga" 20:00etatik aurrera izango da ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en.