albistea
Estreinaldia
'Zaindu/Cuidate' osasunari buruzko saioa, ETBn
A.E.
EITB
Maixa Lizeagak aurkeztuta, gaixo kroniko aktiboak izango ditu ardatz. Diabetesa, gaixotasun kardiobaskularrak, arnaseko gaixotasunak eta depresioaz arituko dira lehen saioetan.
-
Maixa Lizeaga, 'Zaindu/Cuidate' saioko aurkezlea. Argazkia: EITB
ETBk 'Zaindu/Cuidate' osasunari buruzko saioa estreinatuko du datorren astean. Maixa Lizeagak aurkeztuko du eta gaixo kroniko aktiboak izango ditu ardatz.
40 minutu iraungo du saio bakoitzak. Tarte horretan gaixoek euren eguneroko bizitzaren berri emango dute. Tratamenduaz eta familiaren eta medikuaren laguntza eta babesaz hitz egingo dute. Horrez gain, saioko lan-taldeak eguneroko jardunean jarraituko die.
Lau dira 'Zaindu'k lehen denboraldi honetan jorratuko dituen gaiak: diabetesa, gaixotasun kardiobaskularrak, arnas gaixotasunak eta depresioa.
ETBrekin aspalditik harremana duen kazetaria de Maixa Lizeaga. Albistegi, entretenimendu, musika eta erreportaje tarteetan aritu da, 'Denbora Pasa', 'Hemen eta Munduan', 'Reporteros', 'Kresala', 'Klip Klip Hurra', eta urte askotan albistegietan ere ibili da.
'Zaindu'n aritzea beretzat aberasgarria dela aitortu du aurkezleak: "Hurbil-hurbiletik gaixotasun kronikoak dituzten lagun hauek nola bizi diren ezagutzeko aukera ematen digu. Halaber, osasunaz dihardu saioak, guztioi dagokigun gaia, hain zuzen ere".
Lizeagak saioa egiteko izan dute laguntzari ere errreparatu nahi dio: "eskerrak eman nahi dizkiet gaixo kronikoei, Osakidetzari, mediku eta osasun arloko langileei eta gaisotasun ezberdinetako elkarteei, guztien laguntzari esker egin izan baitugu programa".
'Zaindu/Cuidate' datorren asteartean, martxoaren 20an, estreinatuko da ETB-2n 00:00etan, 'La Noche de...'ren ondoren, eta ostegunean, martxoaren 22an, ETB-1en 23:00etan, 'Bisitaria' amaitu ostean.