telebista
22:30ean
Mikel Urmeneta artista eta ilustratzailea, gaur gauean, "El Día de Mañana" saioan
EITB Media
Diseinu grafikoan artista ezagunenetako bat elkarrizketatuko du Dani Alvarezek. Kukuxumusurekin arrakasta lortu zuen, eta milioi bat kamiseta baino gehiago saltzea lortu zuen munduko 80 herrialdetan. Orain marka berria dauka, Katuki Saguyaki, eta ETBren 40. urteurreneko irudia egin du.
-
Mikel Urmeneta, "El Día de Mañana" saioan. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.
Gaur gauean, Mikel Urmeneta artista eta ilustratzailea izango da protagonista Dani Alvarezen "El Día de Mañana" saioan. Nork ez ditu ezagutzen bere kamisetak? Azken urteotako enpresa-istorio zoro eta distiratsuenetako baten protagonista da Urmeneta. Iruñetik bertatik, arrakasta lortu zuen Kukuxumusurekin; eta, orain marka berria du esku artean: Katuki Saguyaki. Berriki, gainera, ETBren 40. urteurreneko irudia egin du.
Gaurko saioan, egindako ibilbidea eta Kukuxumusurekin gertatutakoa kontatuko dio Dani Alvarezi: Nola lortu zuen milioi bat kamiseta baino gehiago saltzea munduko 80 herrialdetan, eta zergatik kaleratu zuten bere enpresatik, epaitegietan borroka judizial polemiko bat izan ondoren?
Hozta Iparraldeko herri txikian egingo du Danik hitzordua, bertan bizi baita Asisko Urmeneta Mikelen anaia. Elkarrekin familiako istorioak gogoratuko dituzte, eta frankismo garaian Iruñeko alkate izandako aita ere hizpide izango dute, bi anaien ibilbide artistikoan izan duen eragina aztertzeko.
Jende askorentzat Mikel tipo dibertigarri bat da, beti lagunez inguratuta, Hain zuzen ere, lagun horietako batzuekin izango dira gaurko saioan: Pablo Carbonell abeslari eta umoregilea, Cayetano Rivera toreatzailea, Jon Sistiaga kazetaria... Gainera, agur berezia ere jasoko du Mikelek, Antonio Romero eta Rafael Ruiz Los del Río taldeko kideen eskutik.
Hoztan, Iñaki Andradas sukaldaria ere hartuko dute, Mikel Urmenetaren kidea, eta sanfermin kutxuko pintxoa prestatuko dute elkarrekin.
Mikel Urmenetari elkarrizketa, Dani Alvarezen "El Día de Mañana" saioan, gaur, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.