Itxi

telebista

Irudi berria

Arrautza prehistoriko baten aurkikuntzak eman dio hasiera ETBren irudi berriaren kanpainari

EITB Media

Euskal Telebistak irudi berria estreinatuko du bere 40. urteurrenean. Mikel Urmeneta artistak egindako diseinu ausartak euskal kultura eta tradizioa hartzen du ardatz.

0:15
Euskal Telebistaren irudi berria

Astearte honetan, abenduaren 28an, euskal gizartea txundituta geratu da Euskal Kostaldeko Geoparkean inskripzioz beteriko arrautza prehistoriko erraldoi baten aurkikuntzarekin. EITBk misterioa argitzea lortu du eta arrautzaren atzean dagoen benetako arrazoia topatu du: Euskal Telebistak datorren urtarrilaren 1ean estreinatuko duen irudi berria. EITBren 40. urteurrenari hasiera emango dion irudi aldaketa ausarta izango da, batzen gaituen identitate kolektiboa irudikatzea helburu duena.

Irudi berriaren diseinatzaileak, Mikel Urmeneta artista eta ilustratzaileak, Debako Arbil kobazulotik bertatik azaldu du gaur: "dena broma bat izan da, Inuzente eguneko txantxa bat, eta ETBren irudi berriaren kanpaina handi baten aurkezpena. Oso harro nago kanpaina honen parte izan naizelako eta oso gustura hartu dut erronka" aitortu du. ETBk egindako apustuari dagokionez, esan du "gauza berri askoren hasiera izango da; ETBk apustu arriskutsua egin du benetan ezberdina izango den zerbaiten alde".

2022an 40 urte beteko dira ETBko txantxangorriak lehen aldiz hegan egin zuenetik. Ordutik, ikur horrek adierazi du komunikazio taldearentzat garrantzitsua izan den guztia: gure hizkuntza eta gure kultura bultzatzea, gure gizartearekin emozionalki lotzen gaituztelako.

Lerro honetan, Urmenetak azaldu du "ETB txantxangorri batetik jaio den bezala, txantxangorri hori arrautza batetik jaio da, eta zergatik ez, txantxangorri arrautza erraldoi batetik, euskaldun guztien etxea izan daitekeen arrautzatik, alegia. Jatorria, bizitzaren iturria eta euskal gauza guztien kontenedorea izango litzateke arrautza hori, euskal gizartearena, euskararena, txantxangorriarena eta euskal telebistak ordezkatzen duen guztiarena."

Halaber, "gauza berri asko jaioko dira kontenedore horretatik" gehitu du Urmenetak. Arrautzaren inskripzioetan, ikonografia bat bereiztu daiteke, irudi berriaren oinarri izango den ikonografia, hain zuzen ere. "Euskal eskultoreen eskolan inspiratutako ikurrak dira, Oteiza, Chillida edo Basterretxearen lanetan, besteak beste" azaldu du ilustratzaileak. "Arrautza erraldoi honetatik jaio diren elementu berriak dira, oso indartsuak. Irudi berri hau disruptiboa, cool, entretenigarria eta jendearen gertukoa izango da dudarik gabe."

"Telebista gizartearen isla" esamoldeari jarraituz, telebista modernoa, bateratzailea, aurrerakoia eta konpetitiboa bihurtzeko erronkari aurre egin nahi dio Euskal Telebistak. Unai Iparragirre ETBko zuzendariak helburu horiek lortzeko bidea argi dauka: "ETB marka sendotuko dugu, kate ezberdinak pertsonalizatuko ditugu, EITBko hedabide guztien arteko elkarlana estutuko dugu, estrategia digitalari bultzada emango diogu eta ETBra talentua erakarriko dugu."

Euskal Telebistak 40 urte beteko ditu Euskadiren transformazio sozialean agente aktibo bat bihurtzeko konpromisu sendoarekin, eta irudi eta edukien bitartez, etorkizuneko Euskadi sustatu eta lau haizeetara zabaltzea izango du helburu. Unai Iparragirreren hitzetan, "euskal gizarteari etorkizunerako bidean aurrerapausoak ematen lagunduko dion telebista nahi dugu: euskalduna baina munduari zabalik dagoena; ohitura zaharrak zaintzen dituena baina aire berritzaileak ezinbesteko dituena; euskararen erabilera sustatzen duena edukietan gizartearen aniztasuna islatzen duelarik; eta informazioa eta entretenimendua ezezik eduki hezitzaileak ere eskaintzen dituena. Guzti hori, kalitatezko telebista publikoaren eredu bihurtzeko helburuarekin."

Horrela, EITBren estrategia eta balore berriekin lerrokatuta sortu da ETBko irudi berria, eta datorren urtarrilaren 1ean estreinatuko da, urte berriaren hasierarekin batera, eta Gasteiztik zuzenean eskainiko den kanpaien emanaldiaren ondoren.