albistea
Saio berria
'Kantuan' show musikala, larunbatetik aurrera ETB-1en
E.O.
EITB
Julian Iantzik aurkeztuta, kantuan egitea eta musikan aritzea gustuko dutenentzat.
'Kantuan' saio musikala estreinatuko du ETB-1ek larunbatean, apirilaren 21ean, gaueko 21:45ean, Julian Iantzik aurkeztuta. Kantuan egitea eta musikan aritzea gustuko duten guztiei dago zuzendua programa berria eta astero izango da ikusgai.
Julian Iantziren eskutik, Euskal Herrian arrakasta handia izan duten kantuak ekarriko dituzte gogora 'Kantuan' saioan. Rantxerak, baladak, euskal musika, habanerak, zein azken hamarkadatako pop-rock nahiz dance estilotako hit handiak. Guztiek izango dute lekua tarte berri honetan. Eta estilo bakoitzak emandako kanturik entzutetsuenak zuzenean entzuteko parada izango dute ETBko ikusleek kantari talde gazte baten eskutik.
Saio bakoitzean dozena erdi bat kantarik hartuko dute parte eta estilo bat izango da nagusi. Hasteko, larunbatean hauxe menua: James Brown, Madonna, Itoiz eta Queen, besteak beste. Bigarrenean, euskal musika protagonista, Gatibu, Lertxundi, Lete, Oskorri, Ken Zazpi....
Era berean, Euskal Herriko aurpegi ezagunak ere hartuko dituzte platoan. Lehenengo programan Manu Maritxalar izango da Iantzirekin eta bigarrenean 'Goenkale'ko Maria Cruishanck eta Loreto Mauleon aktoreak.
Julianekin musika estilo bakoitzeko kantari minenak gogora ekarriko dituzte. Eta, nola ez, euren gustu musikalen berri eman ondoren, kantuan arituko dira gonbidatuak ere, programako abeslarien laguntzarekin. Saioa bukatzean, gonbidatuek gau horretan gustukoen izan duten kantua aukeratuko dute saioa amaitzeko.
Gatibu, lehenengo programan
Euskal Herriko musika talde eta bakarlarientzat ere bada lekua ETBko saio musikal berri honetan. Astero, musika talde batek euren kantaririk berrienak taularatuko ditu eta, horrez gain, Julian eta bere gonbidatuekin solasean arituko dira; musika, betiere, protagonista izango delarik. Gatibu izango da lehenengo saioan eta bigarrenean Iparraldeko Sparteens-ek animatuko du programa.
Partaideen aldetik, berriz, honako hauek izango dute abesten aritzeko aukera lehen atalean: Dounia Zolati, Iruñean bizi dena; Idoia Uralde, Billabonakoa eta Egan taldeko bakarlaria; Eider Roza, donostiarra, rock talde bat du eta publizitaterako kantuak sortzen ditu; Juanpa Agirre, Etxarri Aranatzekoa; Leire Tejada, Basaurikoa, eta Iñigo Perurena tolosar ezaguna. Tartean gaztetxoren bati ere egingo diote lekua. Lehenengo saioan Arrasateko Elene Maidagan 10 urteko neskatila izango dute.
ETBk eta 3Koma ekoiztetxeak egindako saioa izango da 'Kantuan'.