albistea
ETB-1en
Patxi Mekanikoa eta Txus Jaio pilotoaren 'bikia', 'Finlandia' saioan
A.E.
EITB
Ordu betez, segway karrera dela edo Biba Zuek! Manu Maritxalarren karaokea dela. Gainera, Serebro talde errusiarraren bideoklip famatuaren parodia mundiala ere izango dugu.
-
'Finlandia', Tzanpionza kontsultorioa. EITB
'Finlandia'ko beste atal bat izango dugu ikusgai igande honetan, apirilaren 29an. 21:30ean azalduko dira ETB-1en Joseina Etxeberria eta Edurne Garmendia beste bi gonbidatu xelebrez lagunduta, Patxi, saioko mekanikorik gogokoena, eta Txus Jaio pilotoaren 'bikia'. Ordu bete izango dute aurretik gogotik barre egiteko segway karrera dela edo Biba Zuek! Manu Maritxalarren karaokea dela. Gainera, Serebro talde errusiarraren bideoklip famatuaren parodia mundiala ere izango da saioan.
Fikzio tartea ere garrantzitsua izango da igande honetako 'Finlandia'n. Artekarik Titanic-ean azalduko dira beraien pilotekin, Tzanpionzak Mikel Olazabal eta Xabier Azkargorta lanpetuta izan ditu erantzun eta bideoekin, Julian Iantzik arazo dezente izango ditu Korta eta Barbaro bistatik kentzeko eta Guardia Zibil bikoteak atez ateko zabor bilketa begi zorrotzez zaintzen jarraituko dute. Axkolayek ere dezente komeri izango dute ileapaindegia bajeran jartzea erabaki zutenetik.
Gainera, 'dida!' Gaztea irratiko lehiaketarekin jarraituko dute, aste honetako esketx irabazlea eta netbook-a etxean jasoko duen parte-hartzailearen izena emanez.
Axi Muniain surfista ere tartean izango dute 'Finlandia'n, Zumaiako saltoen zati hoberenak erakusten.