telebista
22:30ean
'El doctor de la felicidad' filma, gaur gauean, "La Noche De…" saioan
EITB Media
Omar Sy protagonista duen komedia frantziarra da. Pelikularen emanaldiaren aurretik, Felix Linaresen programak Sandra Bullock eta Jonathan Brandis aktoreak izango ditu hizpide.
-
'El doctor de la felicidad' pelikularen irudia
Gaur gauean, "La Noche De…" zinema saioak El doctor de la felicidad (Knock, 2017) komedia frantziarra eskainiko du. Lorraine Lévyk zuzenduta, Omar Sy, Alex Lutz eta Ana Girardo dira bertan protagonista nagusiak.
Knock iruzurgile ohia da. Mediku bihurtua, Saint-Maurice herri txiki eta aberatsera iritsiko da, metodo berezi bat erabiliz bertan dirua lortzeko: herriko biztanleei sinetsarazi ez daudela uste zutena bezain osasuntsu. Horretarako, ustez pairatzen duten alegiazko gaixotasunaren sintomak aurkituko dizkio horietako bakoitzari.
Jules Romains idazlearen antzezlan batean dago oinarrituta. Literatura Nobel sarietan 16 aldiz egon zen izendatuta Romains, eta Knock ou le Triomphe de la médecine da bere lanik ezagunena. Telebista eta zinema munduan 20 bat moldaketa egin dituzte berau oinarri hartuta, eta astearte honetako pelikula dugu horietan azkena.
Filmaren emanaldiaren aurretik, Sandra Bullock eta Jonathan Brandis aktoreak izango ditu hizpide Felix Linaresen saioak. Izan ere, aste honetan bertan pelikula berria estreinatuko du Sandra Bullockek. Jonathan Brandisek, berriz, 46 urte beteko zituen aurten, eta bera izango da aste honetako CSI: Hollywood atalaren protagonista.
Horrez gain, El mejor beso de la historia del cine sekzioa ere izango dugu ikusgai. Bertan, pantaila aurrean musuaemateko gai izan ez ziren bi antzezleren inguruko erreportajea eskainiko dute, eta musuaren momentuan dekoratua trukatu behar izan zuten pelikularen inguruan ere hitz egingo dute.
"La Noche de… El doctor de la felicidad" gaur izango dugu ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.

