albistea
ETB-1en
'Bi eta Bat'en atariko berezia, asteazken honetan
A.E.
EITB
Datorren astean, Jose Ramon Soroiz, Elena Irureta eta Ane Gabarain protagonista dituen telesailaren atal berriak ematen hasiko da ETB.
'Bi eta Bat' telesailaren atal berriak estreinatuko ditu ETBk maiatzaren 23an. Atariko gisa, orduko 'Bi eta Bat' gogoratu eta atal berriak aurkezteko, erreportaje berezia eskainiko du ETB-1ek asteazken honetan.
90. hamarkadako telesail arrakastatsuaren atal berriak grabatzen buru belarri ari dira Orio ekoiztetxea eta ETB. Eneko Olasagasti eta Karlos Zabala telesailaren sortzaileek zuzenduta eta Patxi Barco errealizadore dutela, Jose Ramon Soroiz, Elena Irureta eta Ane Gabarain protagonistak bildu dituzte berriro.
Joxelontxo pertsonaia hezurmamitzen zuen Jose Ramon Soroizek; Jaione Ane Gabarainek, eta Idoia zen, berriz, Elena Irureta. Hirurak elkarrekin bizi ziren eta hamaika istorio eta korapilotan nahasturik zeuden auzoko, etxe jabe eta lagunak tarteko. 21 urte ondoren, berriro elkartu dira, eta, hemendik aurrera, pertsonaia berriekin jazotakoak kontatuko dituzte atal berrietan.
Asteazkeneko 'BI eta Bat, atarikoa'n, Joxelontxo, Jaione eta Idoia pertsonaiak elkarrizketatuko dituzte. Duela 21 urte bizi izan zituztenak oroitzeko: nola ezagutu ziren; nolakoa zen euren arteko elkarbizitza; diru falta eta egunerokotasun gordinean aurrera ateratzeko komeriak; bizilagunekin harremanak, eta abar.
Kale inkesta bat egingo dute, bestalde: ETBko ikusleei orain dela 21 urte emandako telesaila nola gogoratzen duten galdetuko diete. Halaber, 'Bi eta Bat'eko sintoniari buruz galdetu eta kanta araziko diote jendeari.
Pertsonaia berriak
Protagonista hirukoaren nondik norakoak jakitea ez ezik, pertsonaia berriak ezagutzera emango dituzte saio honetan: Pep (Koldo Olabarri), Joxelontxoren semea; Javi (Andoni Agirregomezkorta), Joxelontxo eta Pep-en bizilaguna; Arantzazu (Amagoia Lauzirika), Javiren emaztea; Bego (Amaia Iraundegi), Javi eta Arantzazuren alaba; Julen (Aitor Etxeberria), Begoren neba; Potxolo (Kepa Errasti), auzoko tabernaria, eta Izaskun ertzaina (Itziar Atienza).
Pertsonaiak euren bizitzari buruz hitz egingo dute eta telesaileko beste pertsonaiak nola ikusten dituzten eta eurekin ze harreman duten azalduko dute.
'Bi eta Bat'ek hiru denboraldi izan zituen 1991, 1992 eta 1993 bitartean, eta arrakasta handia izan zuen Euskal Telebistaren lehen katean. Mugarri izan zen telesailaren ondotik, Soroiz eta Irureta elkarrekin lanean ikusi izan ditugu bikote gisa oihartzun handia izan zuten 'Jaun eta Jabe' telesailean lehenengo, eta 'Martin'en ondoren.
Atariko bereziaren ondoren, 'Bi eta Bat'eko hasierako garaiko hiru atal emango dira ETB-1en: 'Pisukide berria', 'Amesten, agian' eta 'Bihar goizean'.
'Bi eta Bat' 22:10ean dago ikusgai ETB-1en.