albistea
Jon Artanok gidatuta
Lasarten, 'auzolanean' egindako saioa, 'Hitzetik Hortzera'n
J.A.
EITB
Egun eta ordu berrian emango dute aste honetako saioa: ostiralean, 21:00etan.
-
'Hitzetik Hortzera', EITB.
Unai Muñoa eta Ane Labaka izango dira 'Hitzetik Hortzera'ko platoan aste honetan. Ttakun euskara elkarteak koordinatuta, urtero egiten dute bertso-saio berezia Lasarteko Manuel Lekuona kultur etxean. Herriko kultur taldeek elkarlanean ontzen dute ikuskizuna, eta denetarik izaten da: dantza, antzerkia, musika... eta, jakina, bertsoa. Aurten Maialen Lujanbio eta Andoni Egañarekin kantatu dute, eta hango berri emango dute platoan Labakak eta Muñoak. Ezohiko ariketak egin behar izaten dituzte bertsolariek. Aurten, besteak beste, Massielek ezagun egindako 'La, la, la' kantaren doinuan abestu dute. Ez dira, ordea, aire horretan plazan aritutako lehendabizikoak. 1986ko txapelketa nagusian egin zuen hori estreina beste norbaitek; Zappingean argituko dute misterioa.
Urdazubiko Gauiñara elkartean saltsa ederra sortu zuten Maialen Lujanbiok eta Uxue Alberdik kantatutakoek. Hango onentsuena ere erakutsiko dute. Bidalitakoan, Iker Zubeldia eta Julio Soto Arroa Behean. Zuri-beltzeko Auspoan Mattin, nere gizona liburuaz solastuko da Luixa Guilzu; eta Mari Trekuren laneko pasarte bat ere irakurriko du. Ibai Esoainek sortutako BertsolHaritza ikuskizunaz erreportajea emango dute, gainera.
'Hitzetik Hortzera' ostiral honetan emitituko da, 21:00etatik aurrera, ETB-1en.

