Itxi

telebista

Estreinaldia

"Tupper Club" saioaren denboraldi berria, gaurtik aurrera ETB2n eta eitb.eus-en

EITB Media

Astero, hiru pertsonaia ospetsuk sukalderako dituzten dohainak erakutsiko dituzte Javi Sierra sukaldariak aurkeztutako saioan. Lehen saioan, 'batch cooking' (aste osorako janaria prestatu) egingo dute Juan Carlos Etxeberria, June Ansoleaga eta Xabi Ormazabal ETBko aurkezleek.

  • Javi Sierra sukaldariak aurkeztuko du "Tupper Club"

    Javi Sierra sukaldariak aurkeztuko du "Tupper Club"

"Tupper Club" saioren denboraldi berria hasiko da gaur gauean. Javi Sierra sukaldariak aurkeztuta, astero, pertsonaia ospetsu ezberdinek sukalderako dituzten dohainak erakutsiko dituzte. Kozinatzen eskarmentu handia dutenek eta gehiegi pentsatu gabe erronka berri honetara animatu direnek bat egingo dute urrezko tupperra irabazteko lehiaketa honetan.

Aktoreek, kirolariek, abeslariek, artistek, aurkezleek eta EITBko aurpegi ezagunek hartuko dute parte saioan, eta, sukaldean aritzeaz gain, euren alderik pertsonalena erakutsiko dute ikus-entzuleen aurrean.

Saio bakoitzak hiru lagun izango ditu protagonista: bakoitzak bere etxean prestatuko du janaria eta tuper batean sartuta bidaliko die gainontzeko lehiakideei. Plater bakoitza probatu ondoren, lehiakideek euren tuper gustukoenaren aldeko botoa emango dute. Javi Sierrak ere hiru platerak dastatu eta botoa emango du.

Aurreko denboraldietan bezala, hiru partaideek ez dute jakingo noren kontra lehiatzen diren amaierara arte. Horrela, gainontzeko plateren prestaketaren inguruko iritzi zintzoa emango dute eta besteen lana disimulurik gabe kritikatuko dute. Alde horretatik, umorea ere ez da faltako.

Lehen atalean: Juan Carlos Etxeberria, June Ansoleaga eta Xabi Ormazabal

Denboraldiaren lehen atalean, batch cookinga izango dute hizpide. Egun batean aste osorako janaria prestatu eta izozkailuan gordetzeari esaten zaio batch cooking. Lehen ataleko gonbidatuek horixe bera egin beharko dute: plater goxo bat prestatzeaz gain, izozkailuan ondo mantenduko den jakia egin beharko dute.

EITBko hiru aurpegi ezagun izango dira asteleheneko protagonistak. Hasteko, Juan Carlos Etxeberria "Teleberri" albistegiko aurkezle beteranoak barazki menestra prestatuko du. Kontu handiz kozinatuko ditu barazkiak, baina, hala ere, beste lehiakideek platerean "rock and roll" pixka bat falta dela aitortuko diote.

June Ansoleaga "Eguraldia" saioaren aurkezleak begihandiak bere tintan prestatuko ditu. Nahiz eta produktu freskoa erabili, kritikak jasoko ditu arerioen aldetik: txipiroiek txiklea diruditela esango diote.

Amaitzeko, Xabi Ormazabal albistegietako aurkezle gazteak bere amaginarrebaren errezeta bat prestatuko du: bakailaoz beteriko piperrak. Xabik ere ez du beste lehiakideen goraipamenik jasoko, kontrara, platera osatzen duten osagaiak desberdintzeko arazoak izan dituztela aitortuko diote Junek eta Juan Carlosek.

"Tupper Club" gaur izango da ikusgai 22:30ean ETB2n eta eitb.eus-en.