Itxi

albistea

ETB-1en

'Bi eta Bat'en atal berrien estreinaldia, asteazken honetan

A.E.

EITB

Elena Irureta, Jose Ramon Soroiz eta Ane Gabarain protagonistekin batera, A. Agirregomezkorta, I. Atienza, A. Lauzirika, K. Errasti, A. Iraundegi, K. Olabarri eta A. Etxeberriak hartuko dute parte.

  • 'Bi eta Bat'en atal berrien estreinaldia, asteazken honetan

    Telesaileko pertsonaiak. Argazkia: EITB.

'Bi eta Bat' telesailaren atal berriak ematen hasiko da Euskal Telebista asteazken honetan, maiatzaren 23an. 90. hamarkadako telesail arrakastatsuaren atal berriak grabatzen buru belarri ari dira Orio ekoiztetxea eta ETB. Eneko Olasagasti eta Karlos Zabala telesailaren sortzaileek zuzenduta eta Patxi Barco errealizadore dutela, Jose Ramon Soroiz, Elena Irureta eta Ane Gabarain protagonistak bildu dituzte berriro. Eurekin batera, aktore lan-taldea osatuz, Andoni Agirregomezkorta, Itziar Atienza, Amagoia Lauzirika, Kepa Errasti, Amaia Iraundegi, Koldo Olabarri eta Aitor Etxeberria ditugu. Hamahiru atal izango dira, eta astero 22:00etan ETB-1en izango ditugu ikusgai.

Sinopsia

Hogei urte pasa ondoren, Jose Lontxo, Idoia eta Jaionek elkar topo egingo dute. Hiruren bizitzek joan-etorri ugari izan badute ere, funtsean orain dela 20 urteko berberak dira. Bizitzak emandako muturrekoek, eta, batez ere, krisi gorriak elkartuko ditu berriro. Eta berriz ere aurre egin beharko dizkiete eguneroko tirabirei, etxe berberean bizi beharko dutelako, Jose Lontxok Antiguon duen etxean.

Familia bat dute bizilagun: gurasoak, Arantzazu donostiarra eta Javi bilbotarra dira; seme-alabak, Bego, 17 urteko nerabe eutsiezina, eta Julen, 11 urteko basa piztitxoa. Igeldoko etxea konpontzen duten bitartean, alokairuan bizi dira.

Beste bi pertsonaiak ere badute zeresanik: Etxebe tabernaren ardura Potxolo maitagarriak du (Jose Lontxoren administrazio pean), eta laugarreneko bizilaguna, etorri berria bera ere: Izaskun, ertzaina.

Pertsonaiak

JOSE LONTXO: Emakume aberats baten alarguna da eta bien semeari (Pep) lagatako ondasunen administratzaile, besteak beste, etxe bizitza eraikin batena. Orain dela 20 urte ezagutu genuen Jose Lontxo berbera da: trakets eta inozo samarra, baina, adinak aurrera egin ahala, zerbait zinikoagoa.

IDOIA: Garai hartan, Venezuelara kulebroiak egitera joan zen. 20 urte gazteagoa zen mutil batekin ezkondu eta xoxik gabe utzi ondoren, alde egin zion. Hego Ameriketan lana galdu eta Facebook bitartez Jaionerekin harremana berreskuratu zuen. Orain Skype dela medio laguntza eskatu dio Euskal Herrira bueltatzeko. Jose Lontxoren etxean bizitzen amaituko du.

JAIONE: Abeslari, bakarrizketak egiten, euskaltegian eta beste hainbat lanetan aritu eta denetan porrot egin ondoren, banketxeak etxea kendu dio. Jose Lontxorekin topo egingo du ezustean eta bere etxean geldituko da. Bizi lagunak gorroto ditu, baina haien neskame izaten bukatuko du. Bizitzan izan duen arrakasta ezaren errudunak, bere izaera garratza eta bere izaera garratza dira. Baina, hala ere, kementsuena ere bera da.

PEP: Bere izena Jose Lorenzo izan arren, Pep deitzea gustatzen zaio. 18 urte noiz bete zain dago aita gainetik kentzeko. Bere mundua informatika da. Ordenagailu programak eta Wiirako jokoak sortzen ditu. Horretaz gain, sare sozialetan nahi ala mugitzen dela. Ez ditu gustuko etxe-lagunak: aita tontotzat hartzen du, Idoia oso osoa denik zalantzak ditu eta Jaione barrutik ustelduta dagoela uste du. Aldamenean bizi den emakumeak burua galdu arazten dio; baina ez 18 urteko alabak, baizik honen amak.

JAVI: Bilbotarrak 40 urte inguru ditu. Ez du inoiz lanik egin. Gaztetatik burtsan aritu da. Baina ez du inoiz dirurik izan, bere familiak bezala, Urkijo deitu arren. Bere emaztearekin maiteminduta dago, baina beste emakume batzuk ere gustatzen zaizkio, Izaskun bizilagun berria batez ere. Dirua duena Arantzazu da. Seme-alabekin eskuzabala da, axolagabea ez esateagatik.

ARANTZAZU: 40 urteko donostiarra. 'Pija' samarra. Ez du konplexurik eta eskoteak eta galtza estuak maite ditu, baina beti eleganteak eta marka ezagunetakoak. Bere zaletasunak: igerilekura joatea, talasoa, sauna, masajeak eta era guztietako tratamenduak. Tarteka hitzaldiren bat. Ez du etxetik kanpo lan egiten. Seme alabak dira bere bizitzaren erronka, baina ez du arrakasta handirik lortzen, ez baitiote batere kasurik egiten. Bere aita aldarean dauka. Beste gizon guztiak galtzaile ateratzen dira konparaketan. Jose Lontxo eta Pepen desira da.

BEGO: Javi eta Arantzazuren alaba. 17 urte ditu. Ikasle txarra. Nerabea da eta pil-pilean dago. Pep behin eta berriz probokatzen du bere mini, tirante kamisetak eta soineko motzekin, baina argi dago Pepek ama duela gustukoago. 11 urteko anaiarekin ez da batere ondo konpontzen. Helduen munduarekin eta bere buruarekin borrokan dago. Ez da amiltzen, hala ere.

JULEN: Javi eta Arantzazuren semea. 11 urte ditu, 14 urteetarako arropa erabili eta bete arren. Ordenagailua, Wiia, bideo kontsola eta telebista, gozoki ugarirekin lagunduta, hori da bere mundua. Ikasle ona da hala ere. Ez ditu emakumeak ulertzen. Beti saiatzen da egoera desberdinetatik probetxua ateratzen.

POTXOLO: Tabernaria. Bertan bizi dela esan daiteke. Taberna berak bakarrik darama. Hogeita hamar urte inguru ditu eta harremanetan suerte handirik ez duen gay bat da. Bezero guztiekin ondo konpontzen saiatzen da, Idoia eta Jaionerekin bereziki.

IZASKUN: Lehen atalean gertatu den istripua ikertzera datorren ertzaina. Libre geratu den 4. pisuan bizitzen geldituko da. Bere senarrarengandik banandu ondoren, Bilbotik Donostiara bizitzera etortzea erabaki du. Emakume erakargarria izanik, bazterrak nahastuko ditu, bere gogortasunak edozein zutik jartzeko nortasuna ematen dio, oraindik ere batzuen begitara erakargarriagoa eginez.