Itxi

albistea

Kultura agenda

Belako eta Anje Duhalderekin musika hitzorduak, 'EITB Kultura'n

A.H.

EITB

Gainera, Alfredo Alvarez Plagaroren erakusketa ezagutuko dugu Artiumen eta Durangoko Begira Photo Festival jaialdiko protagonisten lanen berri emango dugu.

  • Belako. Argazkia: EITB

Aste honetan, 'EITB Kultura' musikan murgilduko da eta bi proiektu oso ezberdin ezagutuko ditu. Alde batetik, Belako, Gaztearen XXI. Maketa Lehiaketako laukote irabazlearekin izango dira. Joy Divison, New Order, Yeah yeah yeah eta Radiohead taldeen doinuen eraginaren pean, poza eta atsekabea, edota argitasuna eta iluntasuna, batzen dituzte mungiarrek euren abestietan. Aste honetan Bilboko Feverren emango duten kontzertuaren aurretik hitz egingo dute 'EITB Kultura'n.

Anje Duhalde izango da aste honetako bigarren protagonista. Ibilean, izeneko lan berria aurkeztuko du. Zuzenean grabatutako diskoa da eta Arraingoitzeko abeslariak 40 urteko bizitzan sortu dituen 15 abesti bildu ditu bertan. Aurreko diskoko "Etxeko andre", Errobiren "Gure lekukotasuna" eta "Maitasun nortasun" abestiak aurki daitezke lan berri honetan.

Bestalde, Gasteizeko Artiumera joango da aste honetako 'EITB Kultura' saioa, Alfredo Álvarez Plágaro artistaren lana ezagutzera. Bere margo-moduluak objektu piktoriko bihurtzen dira eta artistak berak gidatuko ditu kamerak erakusketan barrena.

Amaitzeko 'EITB Kultura'k Begira Photo Festival jaialdiaz arituko da; ekaineko lehenengo bi astetan ospatuko da jaialdia Durangon. Saioak Federico Clavarino eta Mikel Ibarrolaren lana ezagutuko du gertutik, jaialdian parte hartuko duten bi argazkilarien lana, alegia. Nazioarteko hainbat argazkilarik parte hartuko dute argazkilaritzaren topagune honetan eta tailerrak, konferentziak eta erakusketak emango dira bi astetan zehar.

'EITB Kultura' astelehen honetan emitituko da 00:15etik aurrera, asteartean 01:55ean ETB-2 eta ostegunean 22:30ean ETB-3n.