Itxi

telebista

22:15ean

Galwayra bidaia, gaurko "Vascos por el Mundo" saioan

EITB Media

Fanny Boehm erreportaria eta Juan Sisto kameraria Irlandan izango dira. Bertan, Galway, Connemara, Moher itsaslabarrak eta Aran uharteak ezagutuko dituzte, Marta, Mikel, Saioa eta Itsasoren eskutik.

  • Cliffs of Moher itsaslabarrak

    Cliffs of Moher itsaslabarrak. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Galwayra (Irlanda) egingo du bidaia "Vascos por el Mundo" saioak. Fanny Boehm berriemaileak eta Juan Sisto kamerariak bizitasun handiko tokia deskubrituko dute, natura basatiz eta kultura gaelikoko herriz josita. Han bizi diren Marta, Mikel, Saioa eta Itsaso euskaldunak izango dituzte bidaia horretan bidelagun.

Marta eta Itsasoren eskutik bisitatuko dituzte Galway hiriko kaleak. Garai batean arrantzaleen herria zena, hiri bohemio eta unibertsitarioa da egun, energiaz gainezka. Irish tabernak ditu bertako nortasunaren ikur, eta musika entzun daiteke etengabe kaleetan.

Santutxukoa da Marta, eta lau urte daramatza Galwayn. Hiriko erdigunea erakutsiko die, baita tokirik turistikoenak ere, tartean Quay Street kalea eta jendez gainezka egon ohi den Eyre plaza ere. "Hooker" belaontzi tradizionalean osteratxo bat egiteko aukera izango dute.

Itsaso, berriz, Irungoa da, eta hiru hilabete daramatza Galwayn. Unibertsitatera eramango ditu, eta baita Salmon Weir Bridge zubira eta Gladdagh arrantzaleen auzora ere. Galwaytik irten eta Connemara eta Kylemore abadia ere bisitatuko dituzte aste honetako saioan.

Getxotik iritsi zen Galwayra Mikel. Itsas zientzialaria da, eta kostaldean bizi da. Mikelekin Aran uharteetara egingo dute hegan, hegazkin arinean. Paradisu naturala da, Atlantiko erdian, zeltiarren aztarnekin.

Azkenik, Cliffs of Moher itsaslabarretan izango da "VXM" saioko lantaldea, Saioa santurtziarrarekin. The Burren parke nazionala, Doolin arrantzaleen herritxoa eta Dunguaire gaztelua ere ezagutuko dituzte.

"Vascos por el Mundo" saioa igandero izan ohi da ikusgai 22:15ean ETB2n eta eitb.eus-en.