Itxi

Nick dut Nik

Ekainaren 4tik 7ra

'Mihiluze'k aste berezi batekin ospatuko du 1.000. saioa

7 denboraldi hauetan 'Mihiluze'tik pasa diren lehiakide onenen liga izango dugu 1.000. saioaren atarikoak egiteko. Gainera, Mihiluzeko bi ikusle Lanzarotera, Parisera edo New Yorkera bidaliko dituzte.

  • Ilaski Serrano eta Kike Amonarriz. Argazkia: EITB

ETB1eko "Mihiluze" lehiaketak zazpigarren denboraldia du aurtengoa eta, eta gaur egungo telebistan, ia ezinezkoa den zenbakira iritsi da, 1.000. saiora. Hori behar den bezala ospatzeko Kike Amonarrizek eta Ilaski Serranok aurkezten duten lehiaketak aste berezia prestatu du.

Zazpi denboraldi hauetan Mihiluzetik pasa diren lehiakide onenen liga antolatuko du. Dibertsioz, pasioz eta tentsioz beteriko 4 saiotan, 'Mihiluze'ren historian zakurik handienak eskuratu dituzten eta egun gehien igaro dituzten 9 bikoteek hartuko dute parte liga honetan. Helburua: 'Mihiluze'ko lehiakide onenen artean bikoterik onena aurkitzea. Horrek, noski, saria izango du eta 5.000 euroko zakua egongo da jokoan.

Ez da, ordea, aste horrek izango duen berezitasun bakarra. 1000 saio ez dira egunero egiten eta 'Mihiluze'k etxekoak saritu nahi ditu famatuz, umorez eta dibertsioz beteriko saio berezi batekin.

1000. astea behar den bezala amaitzeko festa erraldoia antolatuko dute. Bertan Mikel Goñi pilotariak eta Julian Iantzi aurkezleak, Urko Aristi eguraldi-gizonak eta Sara Gandara kirol aurkezleak, eta Nagore Aranburu eta Mikel Pagadi aktoreek parte hartuko dute. Erantzukizun handia izango du 1.000 saio berezi horretako finalera iristen den bikoteak, Mihiluzeko bi ikusle Lanzarotera, Parisera edo New Yorkera bidaliko baitituzte aste osorako.

Horretarako, Mihiluzeko ikusleek eitb.com-en Mihiluzeren webgunean sartu behar dute eta 3 famatu-bikote horietatik finalera nor iritsiko den asmatu beharko dute. Asmatzen dutenen artean zozkatuko da 2 lagunentzako bidaia. Irabazlearen izena 1000. saio bereziaren amaieran emango da jakitera.

'MIHILUZE'K 1.000 SAIO

2006ko otsailaren 2an ikusi genuen lehen aldiz pantailan 'Mihiluze', ordu eta erdiko formatuan. Orduan lehiakideek hirunaka jokatzen zuten, eta hainbat proba eta tartez osatzen zen programa. 7 denboraldi egin ditu ordutik. Euskal Herri osoko lehiakideak pasa dira bertatik urte hauetan guztietan: 2.000 lagunetik gora. Normalean lehiaketa helduekin egiten bada ere, saio bereziak burutu izan dira haurrekin, gaztetxoekin eta famatuekin.

Urte hauetan une garrantzitsuak ere bizi izan ditu Orio ekoiztetxeak eginiko lehiaketa honek. Besteak beste, 'Argia' saria lortu zuen 2008. urtean, edota 2011. urtean, 17. Korrikaren mezua idatzi zuten Mihiluzeko aurkezleek eta azken kilometroan lekukoa eramateko ohorea izan zuten. 2009an Mihiluzeri buruzko Udako Ikastaro berezia eskaini zuten Miramar Jauregian, saio berezi batekin amaituz.

'Mihiluze'k gainera ETBko mugak gainditu ditu. Kataluniako TV3n "Bocamoll" izeneko hango bertsioak arrakasta handia lortu du 4 denboralditan. 'Mihiluze'k 3 mahai-jolas eta PC joko bat ere argitaratu ditu, jokoak web-ean jartzeaz gain. Bestalde, asko dira ikastetxeetan, euskararen egun edo asteetan eta herriko festetan antolatu izan diren 'Mihiluze' bereziak.