albistea
Udako programazioa
'Yes We Jai!' saioa jarriko du abian ETB-1ek gaur gauean
E.O.
EITB
Joanes Passicotek koadrila osatzeko atzerritik ekarriko ditu Sonia Kolazcek poloniarra eta Rocio Basterra argentinarra, eta jairik jai ibiliko dira uda honetan festarik onenaren bila.
'Yes We Jai!' jarriko du abian ETB-1ek datorren astelehenean uztailaren 2an. Jairik jai ibiliko den saioa izango da, alabaina, ez ohiko begiz erakutsiko dizkigute gure bazterretako festak: Joanes Passicot ('Goenkale'ko Manex) Iparraldeko aktorea izango du gidari eta atzerritik datozen Sonia Kolazcek poloniar eta Rocio Basterra argentinar euskal hiztunekin koadrila osatuko du. Guztiak ere jairik jai disfrutatzera eta orain arteko ohitura ezezagunak deskubritzera joango diren gazte taldea osatuko dute.
Euskal herri eta hirietako festetan murgilduko da 'Yes we Jai!'. Irunen hasita, Sestao, Portugalete, Iruña... izango dira bisita lekuetako batzuk. Horrez gain, mugatik kanpoko jai hurbil eta ezagunetara ere joango dira: Errioxako Harora, 'La Batalla del Vino' ospetsuan parte hartzera esate baterako.
Ondo pasatzeko saioa izango da: Passicot eta koadrilak ondo pasatzea izango dute helburu, eta festak ondo ezagutzea bertan parte hartuz, jakina. Herri bakoitzean, egitarauko ekitaldi nabarmenenetan parte hartuko dute bertako herritarrekin batera. Bisitariak ere sakabanatu egingo dira eta bakoitzak bere aldetik biziko du festa eta bakoitzak bere ikuspegia izango du, beti ere, euskal festarik onenaren bila.
Astebarruan, astelehenetik ostegunera izango da ikusgai 'Yes we Jai!' eta ordu erdikoa izango da atal bakoitza. Tarte bakoitzean herri batera joango dira eta igandetan astearen labur bilduma egingo dute.
Pausokak ekoiztu du saioa ETBrentzat eta 21:45ean emango da.