Itxi

telebista

Eduki nabarmenenak

"Jateko Modukoa" saioaren atal berria, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB MEDIA

Gainera, Jaiotz Osa dantzaria eta Xabier Mujika eszenografoa izango dituzte gonbidatu "Biba Zuek!" programan. ETB2n, berriz, 'El sentido de un final' filmaren telebistako estreinaldia eskainiko du "La Noche De..." saioak.

0:24
Jateko Modukoa

"Biba Zuek!" – 18:00etan ETB1 eta eitb.eus-en

Gaurko gonbidatuak Jaiotz Osa dantzaria eta Xabier Mujika eszenografoa izango dira, OSA + MUJIKA proiektuaren atzean dagoen bikoa. 2018an sorturiko egitasmoa bi sortzaileen munduak elkartzearen emaitza da: dantza eta jantzigintza, eta eszenografia. Hainbat pieza sortu dituzte eta azkenak ABUNDANCE du izena.

Aurretik, saioaren lehen orduko Korapiloak atalean, autozaintzaren gainean arituko dira.

"Jateko Modukoa" – 22:30ean ETB1 eta eitb.eus-en

Gaur gauean Aitor eta Unai bilbotarrak eta Mikel berastegiarra izango dira Azkoititik datorren Kamranentzat kozinatuko duten sukaldariak. Kamran oso mutil kirolaria da, eta garrantzia ematen dio gorputza zaintzeari eta lantzeari. Ez die lan erraza jarriko sukaldariei: lehenengorako, gonbidatuak bizitzan gauza bakarra jan ahalko balu aukeratuko lukeen jaki bat prestatu beharko dute. Zer izango ote da? Bigarren platererako, aldiz, errezetaren barruko osagaiei garrantzi berezia emango dio azkoitiarrak. Sukaldariek aurre egin beharko diete zailtasunei, eta errezetarik gabe, noski. Gastronomiak eta ligoteoak berriz ere bat egingo dute "Jateko Modukoa" saioko sukaldean.

 

"La Noche De… El sentido de un final" – 22:15ean ETB2n eta eitb.eus-en

El sentido de un final (The Sense of an Ending, 2017) filmaren telebistako estreinaldia eskainiko du gaur "La Noche De…" saioak. Julian Barnes idazlearen izen bereko eleberrian oinarrituta dago pelikula, eta Ritesh Batra dugu pelikulako zuzendaria. Bere iraganak atsekabetuta bizi den gizon baten istorioa kontatzen du, legatu misteriotsu bati aurre egin beharko diona. Jim Broadbent, Charlotte Rampling, Harriet Walter, Michelle Dockery eta Emily Mortimer dira aktore protagonistak.

Filmaren emanaldiaren aurretik, Michael Landon izango dute saioan hizpide, "La casa de la pradera" telesaila bukatu zela 40 urte betetzen diren honetan; eta Alexandra Daddario aktorearen urtebetetzea ere ostatuko dute. Gainera, Felix Linaresen ordezkoa aurkitzeko casting-aren lehen bideoa ikusiko dugu. Kasu honetan, bere hastapenetan hainbat film laburretan parte hartutako ETBko informatiboen izarretarako bat izango dugu castingean. Apirilaren 11koa izango da Felix Linaresek azken programa, hain zuzen ere "LND" saioak 1.500 atal beteko dituen egunekoa.