Itxi

albistea

Perretxikoen inguruan

'Udazken Loreak' saio berezia igandean ETB-1en

A.H.

EITB

Iro Landaluze saioaren aurkezleak Aimar Olaizola eta Mikel Goñi pilotariak, eta Iker Galartza eta Joseba Usabiaga aktoreak eramango ditu perretxikotan.

  • Aimar Olaizola. EITB

Igande honetan, ETB-1ek 'Udazken Loreak' saio berezia eskainiko du eta lau aurpegi oso ezagunekin joango dira perretxikotan: Mikel Goñi eta Aimar Olaizola pilotariak eta Iker Galarza eta Joseba Usabiaga aktoreak. Perretxikoetan aditu den Iro Landaluze saioaren aurkezleak lagunduko ditu lau gonbidatuak perretxiko bilketan, baina argi utziko dute gonbidtuek  asko dakitela eta iaioak direla perretxikotan.

Aimar Olaizola pilotaria, oso ehiza zalea da, baina basoan ehizarik ez dagoenean perretxikotan aritzen da. Goizueta aldean txikitatik ibili izan da perretxikotan, batez ere onddoak eta gibelurdinak biltzen. Igandeko saioan, berarekin batera 'Udazken Loreak'eko koadrila ezagunarekin bilduko da: bere garaian Otsagabian ehun bat kilo bildu zituzten hiru mutil puska. Oraingo honetan, Hondarribian, Jaizkibel aldean ariko dira perretxikotan.

Bestalde, Leitza aldera egingo du salto 'Udazken Loreak' saioak. Urtero bezala, aurten ere Leitzan talo eguna ospatzen ari dira. Horrelako egunetan jende asko biltzen da plazan taloa jaten, plaza jendez gainezka, festa giroa eta tartean, Mikel Goñi. Urtero talo mota asko prestatzen dituzte Leitzan, onddo taloak ere bai. Mikel Goñik sekulako gogo du onddo talo bat jateko, pilota partidara joan aurretik. Baina aurten onddo gutxi dagoenez, talo saltzaileak ez du onddo talorik. Mikelek ez du onddo talorik jan gabe geratu nahi eta bere lagun batzuei onddo bila joatea proposatuko die.

Horrela, motorra hartu eta basora joango da Mikel Goñi Ibarrako Langostino Moto Kultur Elkarteko moteroekin. Basotik bueltan, onddo batzuk emango dizkiote talo postukoari eta Mikel Goñiri onddo taloa prestatuko dio. Ondoren elkarte gastronomiko batera joango dira gainerako onddoekin plater bat prestatzera, otordua egitera.

Amaitzeko, Iker Galarza eta Joseba Usabiaga “Tximista” aktoreak basora joango dira perretxikotara. “Tximista” mendian ibitzen ohituta dago, baina batez ere lasterketak eta mendi martxak egiteko; beraz ez da basoan mantso ibiltzen diren horietakoa, eta mantso ibiltzea, pazientziarekin ibiltzea nahitaezko baldintza da perretxikoak eta onddoak biltzeko. Ikerrek aurreko urtetan perretxikoak biltzen zituen, baina aurtengo onddo lehortearekin eta “Tximistak” batere laguntzen ez dionez, perretxikozale on baten laguntza jasoko dute perretxikotan egiteko: Joxe Ramon Aldasoro.

Horrez gain, Ikerrek sukalderako nahikoa esku ona duenez, basotik mugitu gabe, basoan bertan bildutako perretxiko freskoak nola jan ditzakegun erakutsiko du. Bai gordinik, zen kanping gas txiki batean, zartagin batekin eginda. Orain arte 'Udazken Loreak' saioan ikusi ez dena.

'Udazken Loreak' igande honetan emango da 21:50etik aurrera ETB-1en.