albistea
Bertsolaritza
Onintza Enbeitarekin Gernikako finalaurrekoan, 'Hitzetik Hortzera'
A.E.
EITB
Bizkaiko Txapelketaren azken finalaurrekoaren berri zabal emango dute.
Bizkaiko Txapelketako azken finalaurrekoan Onintza Enbeitarekin izan da 'Hitzetik Hortzera' eta, gaur gauean, 21.00etan, ETB-1en, bertsolari bizkaitarra izango du ardatz Jon Artanok gidatutako bertsolaritza saioak.
Gernikako saioa erabakigarria izan da, bertan jakin baita finalean kantatuko duen zortzikotea. Erabakigarria zen Jai-Alain kantatzera zihoazen sei lagunentzat -Joseba Artza, Beñat Ugartetxea, Iratxe Ibarra, Peio Ormazabal, Miren Amuriza eta Ibon Ajuria-, eta erabakigarria lehendik kantatuta baina sailkapenean kolokan zeuden bertsolarientzat, Onintza Enbeitarentzat adibidez.
Hala ere, bazkalostean kafea hartzera gonbidatu zuen Onintzak Jon Artano, arratsaldean elkarrekin joateko saiora. Eta saioa amaitu eta gero ere, elkarrekin izan dira afaritan, lagun eta senideekin. Txapelketako trantze horretaz eta Madrilgo Kongresuan diputatu denetik bere bizitzan izan diren aldaketez jardun dira berriketan, besteak beste.
Eduki gehiago ere izango dira programan, hala nola: zuri-beltzekoan, Joxe Miel Iztueta Lazkao Txiki, eta ttanttoan, Uxue Alberdik aukeratutako bertsoaldi bat.