6 Argazkitan
Gaur gauean
Mieltxo Saralegi gonbidatu, gaur gaueko '6 Argazkitan'
A.A.
EiTB
Leitzako harri-jasotzailearen bizipenak ezagutuko ditugu Pedro Mari Goikoetxeak gidatzen duen saioan.
Gaur gauean, '6 Argazkitan' saioko gonbidatua Mieltxo Saralegi harri-jasotzailea izango da. Bere bizitzako argazkien bitartez, bere kirol ibilbidearen birpasa bideratuko du eta maila pertsonalean izandako bizipenak ere izango ditu hizpide Pedro Mari Goikoetxea ondoan duela.
Leitzan jaio zen Mieltxo Saralegi, 1968an. Sendian kirol zaletasuna nola bizi zen eta haurtzaroari buruzko beste hainbat kontu ekarriko dizkigute gogora Gabriel anaiak eta Patxi Astibiak, Mieltxoren aitak entrenatzen zuen aizkolari esanguratsuenak.
Oso gazterik hasi zen Mieltxo plazaz plaza harria sorbalda gainera altxatzen. Berarekin laguntzaile modura aritzen ziren Juanjo Perurena eta Patxi Saenz lehen urrats horiei buruz mintzatuko dira. Geroago Nartxi anaia izan zuen botilero. Haren ustekabeko heriotzaz hitz egingo du Ibon Aranbarri lagun minarekin batera.
Harria altxatzea, halere, afizioa zuen Saralegik. Bere ofizioa Iruñean aurkitu zuen, Jolaskide gimnasioan. Bertako bazkideetako bat puntako kirolaren ordezkari ere bagenuen: Julian Retegi pilotaria. Nagusi eta langile erlazioaz gainera, lagun ere egin ziren, eta Julianek ere Saralegirekin bizitakoak kontatuko ditu.
Kirol eremuan lortutako errekorrei buruz arituko da Mieltxo Churchill lagunarekin, baita harria jasotzen aurkari izandako Iñaki Perurenarekin ere.
Amaitzeko, gaur egun daraman bizitzaz mintzatuko zaigu Edurne Nagore emaztearekin eta Aitor eta Mikel semeekin Irurtzunen, egun bizi den herrian.
'6 Argazkitan' saioa gaur gauean dago ikusgai ETB1en, 21:30ean.