Arte[faktua]
Literatura
Hiromi Yoshida idazle eta itzultzailearekin, 15:00etan, 'Arte[faktua]' saioan
EITB
Hiromirekin batera, Jose Luis Otamendi idazle azpeitiarra izango dute gonbidatu.
Munduko txokorik ia urrutienean, Japonian, bada gure herria, kultura eta literatura biziki maite dituen emakume bat: Hiromi Yoshida. Egunotan Azpeitian dabil Hiromi, eta 'Arte[faktua]' saioak berarekin egin du hitzordua Japoniako eta Euskal Herriko literaturaz solasteko.
Ikasketaz hizkuntzalaria, Tokioko unibertsitatean irakaslea da eta euskarazko klaseak ere ematen ditu bertan. Orain hiru urte euskaratik japonierara itzuli zuen Linguae Vasconum Primitiae, euskaraz inprimatutako lehen liburua. Oraindik orain, Nakahara idazle japoniarraren poema liburu bat itzuli du euskarara.
Hiromi Yoshidak gonbidatuta, Jose Luis Otamendi idazle azpeitiarra ere izango dugu larunbateko 'Arte[faktua]'n. Batez ere, poesian egin du Otamendik bere literatura ibilbidearen zatirik handiena. Euskara landu eta aberatsa izaki, Hiromik laguntza eskatu izan dio bere itzulpen lanetan.
Apalategia tartean, Gorka Ortiz de Urbina, Gasteizko Zeledonek, bere gustuko idazleak eta irakurgaiak zeintzuk diren azalduko digu.
Irakurlearen txokoan, Garcia Marquez idazle kolonbiarraren Memoria de mis putas tristes eleberria gomendatu digu Koldo Aldalur kazetariak.
Galdetegia sailera hiru idazle etorriko zaizkigu: Xabier Gantzarain, Karlos Linazasoro eta Kattalin Miner.
'Arte[faktua]' gaur izango da ikusgai, 15:00etan, eitb.eus-en eta ETB1en.