Itxi

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Literatura

Alaine Agirre idazlea, 13:30ean, 'Arte[faktua]' saioan

EITB

Bere gonbidatua, Maite Larburu biolin-jotzaile eta musika-sortzailea izango da.

  • Alaine Agirre idazlea.

    Alaine Agirre idazlea.

Alaine Agirre idazle bermeotarra da gaurko gonbidatu nagusia 'Arte[faktua]'n. Duela gutxi plazaratu du Kamisoi zuri zetazkoa nobela, pederastia kasu bati heltzen dion narrazioa. Bertan, 11 urteko neskato bat da protagonista. Gurasoek udalekuetara bidaliko dute ingelesa hobetzeko, eta han gertatuko da gertatu behar ez zuena. Uliako aterpetxean egin dute elkarrizketa.

Alaineren laugarren nobela da hau. Haur eta gazte literaturan, berriz, hamar bat liburu eginak ditu, baita poesia liburu bat ere. Zilarrezko Euskadi Saria eta Lizardi saria jaso zituen 2016an, hurrenez hurren, X hil da eta Hau ez da zoo bat! lanekin.

Maite Larburu biolin-jotzaile eta musika-sortzaile hernaniarra da Alaineren gonbidatua. Hamabost urte eman ditu Herbehereetan. Antzinako musika jotzen ospea duten Europako zenbait talderekin jotzen du. Neighbor taldearekin bi disko egin ditu, eta, orain, Hezurren azpian bakarkoa plazaratu du. Kantuak sortzea du gustuko, soinu eta hitzekin jolas eginez. Berria egunkarian eta Euskadi Irratiko 'Arratsean' saioan kolaboratzen du.

Irakurlearen atalean, Ulia aterpetxeko Pello Larretxeak Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea aukeratu du liburu-gomendioa egiteko, erantsiz filmeko pasarte batzuk han grabatu zirela.

Galdetegian euren liburu kuttunen berri emango dute Edorta Jimenez, Aser Luzarraga eta Miel A. Elustondo idazleek. David Zurutuza Realeko jokalaria da aste honetako Apalategia ataleko protagonista. Bere liburu kuttunen berri emango digu.

Booktuber-en tartean, Izaro Fagundez Armentia Ikastolako ikasleak Alaine Agirreren Maren, Libe eta Oier liburuak hautatu ditu bere bideorako.

Horrez guztiaz gain, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Garoa, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

'Arte[faktua]' gaur izango da ikusgai, 13:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.