Arte[faktua]
12:55ean
Leire Bilbao idazle ondarroarra protagonista, gaur, "Arte[faktua]"n
EITB MEDIA
Horrez gain, 'Letren bidaia' literaturaren munduko erreportaje laburren atala estreinatuko du saioak. Aste honetan 'Letren izurria Harkaitz Canorekin' lana eskainiko da.
-
Leire Bilbao idazlea. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia
Leire Bilbao idazle ondarroarra izango da aste honetako "Arte[faktua]" saioan protagonista. Helduentzako argitaratu duen hirugarren poesia liburua izango dute hizpide: Etxeko urak (Susa). Bere esanetan, amatasunetik idatzi du liburua, baina ez da amatasunari buruzkoa. Durangon bizi da gaur egun Bilbao, eta horrenbestez, bertako Olajauregi hotelean elkartuko da Yolanda Mendiolarekin.
Saioaren erdialdean, Goizalde Landabaso batuko da Bilbao eta Mendiolaren arteko solasaldira. Landabasok Bilbaoren liburuaz duen iritziaz gain, partekatzen duten begirada poetikoaz edota euskal emakume poeta izateak dakarrenaz arituko dira.
Gainera, aste honetan Letren bidaia izeneko erreportaje laburren atala estreinatuko du "Arte[faktua]" saioak. Hasteko 'Letren izurria Harkaitz Canorekin' izenekoaz gozatzeko aukera izango da: Nola eragin dio pandemiak berari eta, oro har, letrei? Zein eta nolakoa izan da egoera honek ekarritako uzta?
Bestalde, Apalategia tartean, Nerea Ibarzabal bertsolariak bere liburu kutunen berri emango du.
Horretaz gain, Zumaiako kaleetan barrena ibiliko da saioa bertakoen irakurketa ohitura nahiz zaletasunen berri izateko.
Hori guztia, "Arte[faktua]" osatzen duten Galdetegia, pitxiak, nobedadeak eta liburu-denden gomendioekin batera, larunbatean, 12:55ean, ETB1en eta eitb.eus-en.