Itxi

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Arte[faktua]

12:55ean

Mikel Reparaz kazetari eta idazlea, larunbateko "Arte[faktua]" saioan

EITB Media

'Las grietas de América. Bajo la piel de un país dividido' liburuaz arituko da Reparaz.

  • Mikel Reparaz "Arte[faktua]"n

    Mikel Reparaz "Arte[faktua]"n

Mikel Reparaz kazetari eta idazle arbizuarra izango da larunbat honetan "Arte[faktua]" saioko gonbidatu nagusia. Las grietas de América. Bajo la piel de un país dividido (Península) liburua idatzi du Reparazek, eta baita 2021eko Euskadi Literatur saria jaso ere Gaztelaniazko saiakera modalitatean. Ezaguna da Reparaz, EITBko ikusleen artean urteetan izan delako albistegietako berriemailea, Europan, Ekialde Hurbilean eta batez ere AEBn. Egun, Nazioarteko saileko arduraduna da ETBko albistegietan. Bermeoko Almiketxu jatetxean elkartu da Yolanda Mendiolarekin.

Bost urte eman zituen New York hirian bizitzen familiarekin batera, baina aurretik ere ibilia zen lurralde horretan lanean. Saiakera honetan, garai horietan guztietan jasotako lekukotzak eta bizipenak jaso ditu, eta Amerika pitzatu duten arrailak metaforaren bidez deskribatu du liburuaren mamian; pitzadura horien jatorria eta hedapena aztertu nahi izan ditu lan honetan. Arrazismoa, gorrotoa, beldurraren erabilera eta zurien nagusitasuna dira liburuaren gakoak.

Javier Hormaetxea bermeotar zesta-punta jokalari ohia izango da Mikel Reparazek aukeratu duen gonbidatua. Hormaetxeak AEBko Floridan eman zituen 20 urte, Jai Alain jolasean eta lanean. Bertakoa du familia, eta ezaguna zaio Reparazek liburuan egin duen argazkia. Almiketxu jatetxearen gidaritza eta sukaldaritza berak darama jaioterrira itzuli zenetik.

Bestalde, Katixa Dolhare-Çaldumbide idazle lapurtarrarengana hurbildu gara Bankara, bere etxera, nor den eta zer duen gustuko literaturan jakiteko gogoz.

Ana Hormaetxea bermeotarraren eskutik dator aste honetako irakurlearen gomendioa: Txani Rodriguezen Los últimos románticos (Seix Barral) eleberria. 2021eko Gaztelaniazko Euskadi Literatur sariaren irabazlea.

Oihane Garmendia poeta erronkariarrak helarazitako booktubea izango da aste honetako @faktua atalean erakutsiko dutena. Wislawa Szymborska Nobel sariaren Correo literario (Nórdica Libros) liburua aukeratu du horretarako.

"Arte[faktau]" larunbat honetan izango da ikusgai, 12:55ean, ETB1en eta eitb.eus-en.