Itxi

Azpimarra

Azpimarra

Azpimarra

ETB1en

Gaur ekingo dio 'Azpimarra'k denboraldi berriari, 16:15ean, ETB1en

A.A.

EiTB

Maddalen Iriarterekin batera Iban Garate eta Ilaski Serrano arituko dira gidari lanetan, arratsaldero, 16:15etik 18:30era.

0:09

Gaurtik aurrera, 'Azpimarra' saioa izango da ikusgai ETB1en arratsaldero, 16:15etik 18:30era. Maddalen Iriarte buru duen magazina berrikuntza ugarirekin itzuliko da. Aurten, Iban Garate eta Ilaski Serrano izango ditu lagun, eta laster estudio berria ere izango dute.

Iazko ildotik jarraitu du saioak, kulturari toki zabala eskainiz, eta zientziari ere bai. Halaber, ekonomia eta politikari buruzko solasaldiak egingo dituzte egunero.

Franck Dolosor lankideak egunero ekarriko du Iparraldeko berri, bertatik etorriko diren beste lagun, kolaboratzaile eta elkarrizketatuak ahaztu gabe. Bestalde, Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiko lagunekin asteroko elkarlanari eutsiko diote, eta Agurtzane Ormatza sexologoak ere bere tartea izango du astean behin.

Eduki berrien artean, euskarari eta hizkuntzei buruz arituko dira Soziolinguistika Klusterrekoekin, bidaiei tartea egingo diete, nazioarteko gatazka eta gertakarien tartea indartuko dute, eta musika ere izango dute.

Albistegietako lankideekin harreman zuzenean egongo dira arratsaldero, eta haiek kontatzen dituztenak azpimarratzen saiatuko dira.

Maddalen Iriarterekin batera, aurten, Ilaski Serrano eta Iban Garate arituko dira egunero, zuzenean. Irratia eta telebista ongi ezagutzen duten biek, eta erronka ilusioz hartu dute. Lantaldea osatzen, Koldo Aldalur, Josune Sagardia eta Ekain Pagola arituko dira erredakzioan; Aitor Zabala, errealizazioan, Jon Santa Maria laguntzaile duela; Gurutze Lizarralde eta Maite Laskurain, produkzio lanetan, eta ezinbesteko beste hainbat profesional arituko dira kamera eta foku atzean.

Jon Garañori elkarrizketa, lehen saioan

Gaurkoan, Jon Garaño Loreak filmeko zuzendarietako bat izango dute elkarrizketarako tartean, kultur mahaian beste zinemagile bat hartuko dute, Amama filma aurkeztu berri duen Asier Altuna, Josu Goikoetxearekin eta Garbiñe Ubedarekin batera, eta kirol solasaldia izango dute Estitxu Elduaien, Nagore Osoro eta Aritz Laskurainekin.