Itxi

Bat to Rio

ETB1en eta ETB2n

Iker Martinez protagonista, gaur, 'BAT To Rio' saioan

A.A. | EiTB

Estropadalaria belaunean izandako ezusteko lesioaz eta modalitate aldaketaz mintzatuko da.

  • Iker Martinez

    Iker Martinez

Iker Martinez estropadalaria hartuko du protagonista aste honetako 'BAT To Rio' saioak. Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetara joateko aukerak dituzten euskal kirolariei eskainitako saioa gaur dago ikusgai 13:00etan ETB2n, eta 21:00etan ETB1en.

Rioko Jokoak 'estreinaldiko' jokoak izan daitezke Iker Martinezentzat. Izan ere, 49er modalitatean txapelduna izan zen Atenasko Olinpiar Jokoetan eta txapeldunordea Pekingoetan, baina oraingoan Nacra 17 modalitatean arituko da. Beraz, aro berri bati ekingo dio bere kirol ibilbide luzean. Alabaina, horretarako, oso-osorik sendatu behar du belaunean izandako ezusteko lesioa.

Belazaleek nahi gabe lotu ohi dute Iker Martinezen izena (Hondarribia, 1977) Xabier Fernandezen izenarekin. Izan ere, bien artean munduko belako bikoterik arrakastatsuenetakoa osatu baitzuten 49er modalitatean eta ibilbide luzeko estropadetan. Bien artean, urrezko eta zilarrezko domina bana lortu zuten Olinpiar Jokoetan, eta munduko txapeldunak izan ziren Bahametan 2010ean, Atenasen 2004an eta Hawaiin 2002an, eta Europako txapeldunak 2008an, 2007an eta 2002an. Londresko Jokoen ondoren, Ikerrek aro berri bati ekitea erabaki zuen Nacra 17 mistoen modalitatean.

2014an, urrezko domina irabazi zuen Europako Txapelketan, eta iaz bederatzigarrena izan zen Munduko Txapelketako sailkapenean. Orain, Julia Rita du bidelagun, eta berarekin batera, Rion parte hartzea espero du, baldin eta otsailean Clearwater-en (Florida) jokatutako Munduko Txapelketan, beste ontzi baten abordatzearen ondorioz izan zuen belauneko lesioa oso-osorik sendatzea lortzen badu. Beraz, denbora dugu orain Iker Martinezen kontrario nagusia, eta horrexen aurka dihardu errehabilitazio-saio luze eta latzetan, Olinpiar Jokoetan arrakasta berri bat lortzeko aukerari oratzeko asmoz.