Itxi

Biba Zuek

Biba Zuek

Biba Zuek

BIBA ZUEK. MILA 1000 ESKER!

"Biba Zuek!" saioak emanaldi bikoitzarekin eta festa erraldoi batekin ospatuko du 1.000. atala

EITB

Gaur, martxoak 20, bi saio berezitan egingo dute ospakizuna: arratsaldean, 17:45etik 19:45era; eta gauean, 22:20etik aurrera, gala ikusgarriarekin. Ehun gonbidatu baino gehiago egongo dira platoan, alfonbra gorri eta guzti.

0:27

2020ko irailaren 14an jaio zen "Biba Zuek!", Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak gidatutatako ETB1eko arratsaldeetako magazina. Aurrerantzean, gaur, 2025eko martxoaren 20a, ere data berezia izango saioko familia osatzen duten kide guztientzat. Izan ere, 1.000. atala ospatuko dute gaur.

1.000 atal ez egunero betetzen eta, beraz, hasiak dira dagoeneko festa giroan. Martxoaren 10etik, herriz herri dabiltza gerturatzen diren guztiei edalontzi bete txokolate eta dozenaka irribarre oparitzen. Horretaz gain, bideoklipa ere estreinatu dute, jaiari musika jartzeko.

Egun handia, baina, gaur iritsiko da, bi saio berezi egingo baitira, arratsaldean hasi eta gauera arte luzatuko den festarekin. Arratsaldeko programa ohiko ordutegian emitituko da (17:45etik 19:45era). Erromeria giroan, mila ataletan zehar programan izan diren hainbat ekoizlek antolatutako azokan murgilduko dira. Bidelagun izan dituzten elkarteetakon kideak elkarrizketatzeaz gain, gaueko saioa prestatzen eta entseatzen jarraituko dute. Gainera, photocalla ere hasiko da, galara bertaratuko diren gonbidatu guztiekin. Milagarren saioan ezin falta, noski, alfonbra gorria.

Gauean, 22:20ean, festa bere puntu gorenera iritsiko da "Biba Zuek. Mila 1000 esker!" saio bereziarekin. Gala ikusgarri horretan, ehun gonbidatu baino gehiago egongo dira platoan, aurkezleekin batera: ohiko kolaboratzaileak, aktoreak, musikariak, gizarte eragileak… Eta, nola ez, solasaldiak eta musika emanaldiak.

bz

Saioak egindako atal guztietan zehar gizartearekin izan duen konpromisoa izango da hitzordu berezi honen bizkarrezurra, talk-showak hainbat balore transmititzen lagundu baitu ia bost urteko ibilbidean: aniztasuna, berdintasuna, naturarekiko errespetua… Horiek gizarteratzen bidelagun izan diren guztiek omenaldia jasoko dute platoan, eta baita etxean ere.