Eitb Kultura
Gaur
Euskal zinema hizpide denboraldiko lehen 'EiTB Kultura-Transit'en
A.A.
EiTB
Aurten Zinemaldian izango duen presentzia zabala aztertuko dute.
Denboraldi berriari ekingo dio 'EiTB Kultura Transit' saioak gaur. Sormen munduari eskainitako saioak euskal zinema izango du ardatz lehen saio honetan, egun duen une oparoari erreparatuz. Ate-joka dugun Zinemaldian izango duen presentzia zabala dugu horren erakusgarri. Pablo Malo, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, Borja Cobeaga, Koldo Almandoz, Aitor Arregi eta Asier Altuna zinemagileekin eta Fernando Diez ekoizlearekin mintzatuko dira.
Aurten Donostiako zinema jaialdian aurkeztuko diren euskal ekoizpenak hauek dira: Loreak eta Lasa eta Zabala, Sail Ofizialean; Los tontos y los estúpidos, Zuzendari Berrien atalean; Negociador eta Kimuak katalogoko hiru film labur, Zabaltegin; Dixie eta matxinada zonbia animazio filma Belodromoan, eta Zinemiran ikusgai izango direnak.
Bestelako edukiak ere izango ditu 'EiTB Kultura Transit'ek. Asier Leoz Euskadiko Irratiko 'Portobello' saioko gidariak musika munduko azken nobedadeak ekarriko dizkigu. Aste honetan zinema-aretoetan ikusgai izango diren filmen errepasoa egingo dute. Eta, amaitzeko, Tiempo de Amar eta Dantza Hirian jaialdien berri emango dute.
Hitzordua, gaur, ETB1en (00:30) eta ETB2n (01:05), eta, ondoren, EiTB Nahieranen.