Itxi

Eitb Kultura

Eitb Kultura

Eitb Kultura

Gaur gauean, ETB1en eta ETB2n

'4 mil pasos' proiektuaren berri emango du 'EiTB Kultura'k

A.A.

EiTB

Kultura, enpresa eta kirola uztartzen dituen ekimena da.

Enpresa, futbola eta dantza batzen dituen proiektu artistiko bitxi baten nondik norakoak dakarzkigu gaur gauean 'EiTB Kultura' saioak. Sakelako telefonoak egiten dituen Wiko enpresak Eibar futbol taldea babesteko akordioaren ondotik datorren egitasmoa dugu. Hitzarmen horren arabera, diru-laguntzaren zati bat kultura sustatzeko erabiliko da; batez ere, hasiberriak diren artisten lana ezagutzera emateko. Dantzaz Konpainiak '4 mil pasos' proiektua garatu du ekimen horren baitan.

Josu Mujika koreografoak diseinatutako proiektua da egitasmoaren muina. Futbola du ardatz dantza-ikuskizunak. Horrez gain, lau beka emango dituzte, ikuskizunean parte hartzeko aukera izango duten lau artista gazteri, eta dokumental bat egingo dute. Ikuskizuna Eibarren estreinatuko dute, futbol liga amaitutakoan. 'EiTB Kultura' saioko lantalde bat entseguetan izan da, eta egitasmoaren arduradunekin egon da.

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian eskainiko diren filmen errepasoarekin osatuko dute aste honetako programa. Halaber, ETB1eko emanaldian, Asier Urbietaren Arconada fim laburra izango da ikusgai.

'EiTB Kultura' saioa gaur eskainiko da, 01:00ean ETB1en eta 01:20an ETB2n. EiTB Nahieranen ere eskura dago.