Eitb Kultura
ETB1en eta ETB2n
Eskultura, dantza eta musika, gaur gauean, 'EiTB Kultura Transit' saioan
EITB
Asier Mendizabal eskultorea, Myriam Perez Cazabon dantza garaikideko koreografo eta dantzaria, eta Gose taldeko kide izandako Ines Osinaga izango dira gaurko protagonistak.
Gaurko 'EiTB Kultura Transit' saioa eskultura, dantza eta musika alorretan barrena murgilduko da. Hasteko, Asier Mendizabal eskultoreak Altzuzako Oteiza Museoan zabaldu berri duen 'Makotu' erakusketa ezagutuko dute. Oteizaren lanarenganako hurbilketa kritikoa izan nahi du ekainera arte bisitatu ahal izango den erakusketa honek. Mendizabalekin berarekin erakusketa berriaz eta bere lan egiteko moduaz hitz egingo dute.
Myriam Perez Cazabon dantza garaikideko irakasle, koreografo eta dantzaria da. Sortzaile bezala egin duen bere lehenengo pieza, Nire azalean arrotz, Leire Otamendirekin batera taularatu du. Entsegu batean egin dute berarekin topo, eta besteak beste, prestatzen ari den Mutu ikuskizun berriaz arituko dira solasean.
Amaitzeko, Gose taldeko kide izandako Ines Osinagarekin Arrasatera joango da aste honetako saioa. Bere kultur gomendioek punka, elektronika eta 'The Handmaid's Tale' telesaila biltzen dituzte, besteak beste. Amatasunak bere bizitzan eta kontsumitzen dituen kultur gomendioetan izan duen eraginaz ere hitz egin du.
'EiTB Kultura Transit' ostegun gauetan izaten da ikusgai ETB1en eta ETB2n.